Laura Paredes, Maria Angeles Valdivielso, Miguel Angel Rodriguez eta Mikel Mujika, Legazpiko azken kirol saridunak
Bosgarren urtez banatu dituzte Kirol Sariak Legazpin. Kirolaren alorrean nabarmendu diren herritarrak saritzea dute helburua
Laura Paredes, Maria Angeles Valdivileso, Miguel Angel Rodriguez eta Mikel Mujika dira aurtengo Legazpiko Kirol saridunak. Joan den ostiralean jaso zituzten sariak udaleko agintarien eskutik, jendez lepo zegoen kultur etxeko areto nagusian. Legazpiko Udaleko kirol zerbitzuak eta herriko kirol taldeek ospatzen duten Kirolaren Egunaren barruan banatu ziren Kirol Sariak; aurtengoak bosgarrenak dira.
Laura Paredesek Kirol Merezimenduen saria jaso du, igeriketan egiten duen jardunagatik, izan ere Legazpiko Igeri taldean 25 urte inguru daramatza.
Maria Angeles Valdivielsok Eliteko Kirolariaren saria jaso du. Atleta ohia hesi-lasterketetan bost aldiz Espainiako txapelduna izan zen 1980ko hamarkadaren hasieran eta selekzioan nazioartean aritu zen.
Miguel Angel Rodriguezek Boluntarioen ataleko saria jaso du, atletismoari 1976tik eskainitako lanagatik. Rodriguez Goierri Garaia atletismo taldean aritu da 1995ean Urola atletismo taldeak eta Legazpi taldeak bat egin zutenetik.
Azkenik, Mikel Mujikak Denboraldiko Kirol Merezimenduen saria jaso du. Txirrindularia da Mujika eta elite mailan dabil lehian, Debabarrena taldean. Aurten egin duen denboraldiagatik jaso du bereziki saria.
Sari banaketa ekitaldiko argazkiak ikusgai daude Legazpiko Udalak duen flickr kontuan.