Iraila onaren ondorioz, urria aberats
Hasi dira bruselazak, azalorea eta aza mota ezberdinak, garai berriaren seinale, baita irasagarra ere. Hemengo onddo gutxi, kanpokoa ikusgarria.
Oso aste aberatsen aroan gaude eskaintzari dagokionez, udakoek oraindik iraungo baitute, negutegiei esker gehiago gainera, eta negukoak ugaritzen ari direlako.
Udazkenean jaso ohi dira intxaurrak, gaztainak, hurrak, sagar mota asko… Zorte pixka batekin onddoak, gibelurdinak… Baratzeetan, berriz, kalabaza punttu-punttuan da, eta babarrunak zer esanik ez. Barazkietan zerba, arbi, porru, borraja, eskarola… Poliki-poliki gure otorduetatik desagertzen joango lirateke tomatea, piperra, kalabazina, luzokerra eta abar lurrarekiko lotura mantenduko bagenu eta garaian garaikoa aukeratuko bagenu. Baina horretarako jakin mina eta nahia beharrezkoak dira, izan ere, eskaintza ez baita agortzen, hemen ez bada dagoen tokitik ekartzea erabat normaldu da. Ondorioz, noizkoa den ez dakigu, eta nondik datorren erreparatzeari utzi diogu.
Orain aza familiako guztien garai naturala da. Atzo ikusi genituen lehen bruselazak, Aramako Iturrioz baserrikoak (Arizmendi); oso harrera ona izan zuten. Lehen azaloreak ere Aramakoak izan ziren, Goiko Etxeberrikoak (Zurutuza). Pakchoi aza ere salgai zegoen, Ibarrako Montesenekoek ekarria. Frutei dagokienez, Altzagako Etxeberri Goikoa baserriko Arantxa Lopetegik irasagarra ekarri zuen, eta kiloa 3 euroan jarri salgai. Lehen mizpirak ere ekarri zituen, baina oraindik gogorrak, itxoin egin behar jateko puntuan izan arte.
Loreetan ere panorama aldatzen ari da
Pentsamendu, biola, anthirrinium, bellis edo basabitxilorea hasi dira, baina oraindik ez lore postu guztietan. “Orain arteko beroekin ez gara atrebitu, baina datorren astetik aurrera bai, denak prest ditugu” adierazi zigun Aramako Maria Dolores Mendizabalek.
Landareei dagokienez, Patxi Izagirreren hitzetan “aldatuta behar dute, azalorea, aza, eskarola… eta justu ia udaberriko aza, porru edota brokoliarentzat. Laster, hurrengo ilbeheran. udaberriko tipula prest izango da”.
Hemengo mendia zuhur
Onddoei dagokienez, aurten orain arte ezer askorik ez. Espezien itxuran eta izenetan erreparatuz, kolore guztietakoak ziren atzo aukeran: zizahori, esnegorri, saltsa perretxiko beltza, gibel urdin gutxi batzuk baina hemengo oso onddo gutxi. Halere, atzo kilo asko ziren salgai, 500 bat batu genituen, eta batzuk oso ikusgarriak gainera: “Avilatik ekarri ditugu hauek, ia kilo ingurukoak dira batzuk”,Lasak kontatu zigunez. Urriak izenari ohore egingo ote dion edo emankor bukatuko duen ikusgai da.