Osinalde elkartea mende erdiko fruituak dastatzera
Gabiriako kultura mugimendua pizteko eta herritarrentzat biltokia izateko, 1960ko hamarkadan sortu zuten Osinalde elkartea. Formalki eratu zutenetik 50 urte igaro direnean, gaur-biharretan ospatuko dute.
Herritarren bilgune izateko eta herriko kultura suspertzeko helburuz sortu zuten Osinalde elkartea. 1968ko abenduan onartu zizkioten estatutuak, eta formalki kultur elkarte gisa orduan eratu zen. Berrogeita hamar urte igaro direla eta, gaur eta bihar ospatuko dute Gabirian Osinalderen ibilbidea.
Osinalderen sustraiak urte batzuk lehenago bota zituzten. 1964an hasi zen mugimendua, Joxe Aizpuru urrestillarraren ekimenez gazte talde bat batuta. Kultura arloan «zerbait» egiteko irrika zen motorea: «Aurrena dantza hasi zen hemen», gogoratu du Joxe Aizpuruk. Goruntzen aurrekaria zen.
Plazako Eskola txikian, udaletxe alboan, egokitu zuten lehen lokala, Etxeberri etxea egin eta eskolako jantokia hara aldatu ondoren hutsik geratua baitzegoen. Ondoko iturritik hartu zuten izena, «kultura iturri izateko», 1935ean Jose Maria Osinalderi eskainia. Etxeberriko sotora aldatu zuten soziedadea, 1973an.
Hamalau lagunek sortu zuten. Estatutuak eskatu zizkietenean eta legeztatu beharra iritsi zenean, haietako askoren gurasoek sinatu zuten, ez zirelako adinez nagusi (21 urte orduan). Aizpuruk Urrestillako Antxieta elkartearen estatutuak ekarri zituen (hura 1966an sortua zen), eta aurreneko presidentea izan zen.
Fruitu askoren ernemuin
Mende erdiko bidean, emaitza oparoa utzi du Osinaldek. Herriko festen antolakuntzan murgildu zen hasieran, eta 1967koetan ireki zuten taberna lehen aldiz. Jubilatuen omenaldiak eta bazkariak, Gabon eskeak, mendi irteerak, musa… bultzatu ditu.
Goruntz taldea sortzeaz gain, dantza solteko txapelketak antolatzen hasi zen, Seguran baino urtebete lehenago. Bi-hiru urte iraun zuen. Kulturako hirugarren langaia bertsolaritza hartu zuten: Osinalde bertsolari gazteen sariketa antolatzen du 1971tik, eta saioak jartzen ditu, kantu-afariekin tartekatuta.
Kirolean, sokatira taldea eduki zuen 1970eko hamarkadan, eta ehiza txapelketak ere egin izan ziren. Ziklo-krosa eta Andre Maritan afizionatuen lasterketa antolatu zituen hurrena, 1980aren eta 1990aren bueltan. Pilota eskola eduki zuen 2000koan, eta bolari taldea dauka, gaur egun.
Osinalderen historia, ekarpenak eta etorkizuna lantzeko mahai-ingurua egingo dute gaur. Bihar, festa-eguna dute. Landu dituen espresio ugariri leku egingo diote egitarauan, eta 157 lagun elkartuko dira bazkaritan.