«Greba mugagabea deituko dugu egoerak horrela eskatzen badu»
Hilabete baterako erresindentzietako langileen greba deialdia egin zuen ELAk irailaren 19an. Sandra Lopezek Ordiziako San Jose egoitzan egiten du lan. Bizi duten egoeraren berri eman du.
ELA sindikatuak erresidentzietako langileen greba deialdi berri bat egin zuen pasa den irailaren 19an. Hilabete iraungo du. Greba deialdi berria amaitzerakoan, urriaren 18an, txandakako 118 greba egun beteko dituzte. Ormaiztegin bizi da Sandra Lopez (Zumarraga, 1972) eta Ordiziako San Jose egoitzako langilea da duela urte asko. Gaur-gaurkoz egoera nola dagoen kontatu du.
Mobilizazioak egiten ari zarete berriro, nola daude langileen indarrak?
Indartsu gaude. Oso garbi dugu arazoa gizarteratzen segiko dugula eta mobilizazioetan langile gehiago elkartzen ez bagara, zerbitzu minimoak betetzeagatik dela. Zerbitzu minimoak bete ahal izateko erresidentzia batzuetako langileak goizean goiz ordubete eta goizeko azken orduan beste 20 minutu egin behar dute lan. Hori horrela, batzuentzat zaila da mobilizazioetan parte hartzea. Gehiegikeria bat da! Hala eta guztiz ere, kaleetan oihu egiten jarraitzeko indarrez beteta gaude.
Eta erresidentzietako erabiltzaileak diren aiton-amonen animoak nola daude?
Egoiliarren %80k menpekotasun oso handia dute. Baina biziago dagoen beste %20k, etsipena eta nekea sentitzen dute. Gurekin daude, langileekin, egu- nero-egunero elkarrekin gaude eta gure egoeraren jakitun dira. Langileen eskubideez gain, haienak ere urratzen ari direla uste dute, eta kalitatezko zerbitzua jaso nahi dute normala den bezala, horretarako ordaintzen baitute. Haiek diote ez dela zilegi plastikozko plater eta edalontzietan jatea, edo higiene pertsonala zapi hezeekin egitea, eta hori da oraintxe dugun egoera. Gizarte osoak eskubide gehiago izateko urteetan borroka egin zuten aiton-amona horiek, eta begira oraintxe nola gauden.
Zenbat dira erresidentzia, langile eta egoiliar kaltetuak?
40 inguru erresidentzia eta eguneko zentro, 5.000 bat langile eta 5.000tik gora dira egoiliarrak. Eta hor ez ditugu aipatu kaltetutako familiak, baina haiek ere arazo hau konpontzeko beharra dute, egoera hau luzatzen den bitartean haiek ere pairatzen dutelako arazoa.
Langileen borroka izateaz gain, borroka feminista ere bada zuena.
Langileen %99 emakumeak gara eta hori da, hain zuzen ere, borroka hau hain luzea izatearen arrazoietako bat. Langileen %99 gizonak izan balira, hau ez zen gertatuko. Gure senarren soldatari osagarri bat gehitzen diogula esaten digute askok. Nola da posible horrelako gauzak entzun behar izatea? Langileak gara eta emakumeak, eta egiten dugun lanagatik baldintza duinak nahi ditugu. Ez dugu gure senarren soldataren osagarri bat izan nahi, ekonomikoki independentzia nahi dugu.
«Langileok oso garbi dugu arazoa
gizartzertzen segiko dugula»
«Langileon %99 emakumeak gara;
gizonezkoak balira ez legoke arazorik»
Zein da Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera?
Haien kontua ez dela eta enpresekin konpondu behar dugula da orain arte jaso dugun erantzuna. Baina hori ez da horrela, erresidentzietako zerbitzuaren %85 Foru Aldundiak ordaintzen baitu. Hortaz, arazo honetan zer esana ere badute, haiek kontrakoa esaten badute ere. Oraintxe bertan aldundiak mahai gainean baldintzak betetzeko dirua jartzen badu, bihar arazoa konponduta legoke.
Baina ELAk eta enpresak akordio bat lortu zuten. Zertan gelditu da hori?
Gipuzkoako Aldundiak eskatuta, 2018ko abenduan Adegi eta Matia 2020 patronalekin akordio bat lortu zuten. Aldundiak bazuen horren berri, baina finantzatu beharrean, falsifikatu eta ordutik gezurretan dabil, akordioa ELAren proposamen bat dela esanez. Hori ezin da onartu eta salaketa ipini du ELAk.
Eta Aldundiak horren aurrean, zer?
Ba zain gaude. Begira, hau aspalditik datorren kontua da. 2016ko abenduan osatu zen hitzarmena adosteko mahaia. Urtebete luzatu ziren negoziazioak eta ezertara iritsi ez zirenez, orduan hasi genituen mobilizazioak. Enpresek 2017an eta 2018an KPIaren igoera ere jaso zuten Aldundiaren eskutik. Guk ordea ez, hitzarmenik ez dagoelako sinatuta oraindik. Enpresek diru hori jaso dutenez, langileok ere 2017 eta 2018 urteei dagokien KPIaren igoera exijitzen dugu besteak beste. Baina ez digute jaramonik egin nahi eta horrek ezin du horrela jarraitu.
Patronalak zer esaten du?
Aldundiak beharrezko dirua jartzen badu gure eskaerak beteko dituztela. Eta bitartean, herritar guztion diruarekin jolasten ari dira. Onartezina da.
Aste honetan bertan, adinekoen egoitzei eragiten dien Eusko Jaularitzaren dekretua irmoki salatu du ELAk.
Eusko Jaurlaritzak adinekoen egoitzetako betekizun materialak, funtzionalak eta pertsonalak ezartzen dituen dekretu berria onetsi du. Uztailaren 31n onartu eta irailaren 9an indarrean sartu zen dekretu berriak etorkizunean eraikiko diren zahar egoitzen ezaugarriak nolakoak izan behar duten oso ondo zehazten du. Baina gainera, oso larria den zerbait esaten du, ratio berriak finkatzen ditu eta dekretu hori aplikatzean, egoiliarren egoera okertuko da, erabiltzaile bakoitzari eskainiko zaion denbora tartea txikituko baita. Egoiliar bakoitzari 90 minutu eskaintzen dizkiogu. Langileok, egoiliar bakoitzarentzat bi ordu es- katzen ditugu. Dekretuak esaten duenaren arabera, arreta orduak 18.003 ordu gutxiago izango dira.
Horren aurrean zer?
EH Bilduk eta Podemosek dekretu hori indargabetzeko eskaera eginez mozioa aurkeztu zuten Donostiako udaletxean. Gaur Ordiziako udalbatzan ere aurkeztuko dute eta egoitzetako langileak ere izango gara bertan.
Egoiliarren senideei dagokienez, elkarte bat sortu dute.
Bai, haiek ere oso haserre daudelako. Une honetan, langileak greban egonda, zerbitzuaren %100 ordaintzen dute kasu askotan, egoiliarrek jasotzen duten zerbitzua %80koa denean.
Salaketak ipini dituzte dirua berreskuratu ahal izateko, baina kontsumitzailearen arreta bulegora bideratu dituzte, eta ez aldundira. Elkartea egin dutenez, bateratutako salaketa jartzea da asmoa.
Azken asteotako beste albisteetako bat Donostiako Zinemaldia ospatu bitartean egindako mobilizazioak dira.
Gure egoera gizarteratu nahi dugu eta horregatik Donostian mobilizazioak egiteko eskaera egin genuen. Zazpi aldiz atzera bota zuten gure eskaera, azkenean, Saguesen kokatu gintuzten, erdigunetik urruti.
Baina tira, gure protestak herritarrei eta bisitariei iritsi zaizkie. Han izan garen bitartean, bisita bereziak jaso genituen Horietako bat Ken Lloach zine- magilea izan zen. Guri babesa emateko gerturatu zen eta gainera zinemaldiko ekitaldian, erresidentzietako arazoa konpontzeko lan egiteko mezua bota zuen. Oso eskertuta gaude.
Grebaren ekuadorrean zaudete. Urriaren 18a iritsita, zer?
Gauzak ez badira konpontzen, borrokan segiko dugu eta greba mugagabea ere deituko dugu egoerak hala eskatzen badu.