Ampo Ordizia laugarren da sailkapen nagusian, Cajasoli 48-19 irabazita
Etxean jokatutako lau partidetatik lau irabazi ditu Ampo Ordiziak. Complutense Cisnerosen aurka jokatuko dute hurrengoa. Movember kanpainarekin bat egin dute jokalariek
Ligako zazpigarren jardunaldia nota onarekin gainditu du Ampo Ordiziak, Cajasol Ciencias taldearen aurka 48 eta 19 irabazita. Etxean, jokatzen duten laugarren partida da eta laurak irabazi dituzte. Horrela, beste behin ere, Altamira zelaian sendo jarraitzen duela erakutsi du Ohorezko Mailako taldeak.
Cisnerosen aurkako garaipenak bultzada eman dio Ordiziako taldeari sailkapen nagusian. Laugarren postuan da orain Ampo, hirugarren sailkatuarekin, Alconbendasekin, 24 puntutan berdinduta. Taulako beste emaitzei begiratuta, goierritarrak indartsu ari direla ikus daiteke: puntu gehien lortu duen taldea izaten jarraitzen du (282) eta puntu gutxien jaso dituen bigarren taldea da (140). Zazpi partidetatik lau irabazi, berdinketa bat eta bi porrot izan dituzte. Denboraldiari hasiera bikaina eman diote, horrenbestez.
Zelaian ikusitakoa, aurrez egindako lanaren emaitza dela uste dute Ampo Ordiziaren entrenatzaileek. Sevillako taldea «ondo aztertuta» zuten igandeko partidari begira. Horregatik «erritmo bizian» jokatzeko prestatu ziren, eskuko jokoari garrantzia emanez. Helburua, «abiadura handiz jokatuz metroak lortzea zen, kontaktuko jokoa ahal izan duten neurrian sahiestuz». Eta badirudi apustuak fruituak eman dituela. Haseratik aurretik jarri zen Ampo Ordizia; 19. minutuan (6-7) Sevillakoek entsegua egin zuten. Baina segituan etorri zen etxekoen erantzuna, eta haien nagusitasuna agerian utzi zuten. Lehen zatia bukatzerako, 34-7 aurretik ziren.
Bigarren zatian gauzak bide beretik joan ziren, eta etxeko gazteei aukera emateko aprobetxatu zuten. Erlantz Garmendia izan zen horietako bat; etxean debutatzeko aukera izan zuen.
Partida amaituta, 48-19 markagailuan eta 5 puntu gehiago sailkapenean. Datorren asteburuan, Madrilgo Complutense Cisneros taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak.
Movemberrekin bat
Partida hasi aurretik, bi taldeetako jokalariek gizonezkoei eragiten dien minbiziaren aurkako kanpainarekin bat egin zuten, Movemberren pankartarekin argazkia aterata. Goierriko beste kirol tzalde batzuk ere bat egin dute kanpaina horrekin, besteak beste, Lazkaoko eta Beasaingo futbol taldeek.













