«Etorkizuneko norabidea adostua eta finkatua duen herria nahi dut»
Bigarren legealdia da hau Legorretako alkatetzan Zelai Amenabarrorentzat. Bere lanbide profesionalean eszedentzian dagoenetik benetan disfrutatzen ari da alkate karguaz.
Bigarren legealdia duzu alkate bezala. Zer moduz zaude?
Ondo, tokia eginda. Lau urteko esperientziak ematen duen patxadarekin, aurrera egiteko gogoz nago. Ez dauka zer ikusirik duela lau urte hasiberritan nola nengoen, eta gaur egun nola nagoen. Orain, gainera, liberatuta nago. Dedikazio handia eskatzen duen lana da, eta dagokion bezala heldu behar zaio.
Aisialdirako denborarik geratzen al zaizu?
Denbora libre gutxi dut egia esan, eta ikasten hasi naiz berriro. Aurreko lau urteetan barruak mugitu zaizkit, hainbeste egoera ikusita. Gizarte Hezkuntza ikasten hasi naiz, lau urteko gradua. Alkatetzak uzten didan tarte txiki horretan, ikasten ari naiz.
Dudarik izan al zenuen hautagaitza aurkezteko?
Bai, bai. Lehenengo urteetan, nire lan profesionala eta udala uztartuz aritu nintzen, eta urte oso-oso intentsoak izan ziren: oso biziak, lan askokoak. Ikusten nuen egoera hartan behintzat ezingo niola aurre egin beste agintaldi bati. Aurreko agintaldiko azken urtean, eszedentzia eskatu nuen lanean, eta hor ikusi nuen ez zuela zerikusirik, eta azken urte horretan hasi nintzen ideia aldatzen. Banuen esperientzia, eta pentsatu nuen merezi zuela berriro ere aurkeztea eta hasitako bidean pauso gehiago ematen saiatzea.
Hautagaitza aurkeztu zenuenean, etorkizuneko Legorreta eraiki nahi zenutela esan zenuen. Ari al zarete horretan?
Hainbat gairi dagokionez, ikusten genuen sakon aztertu behar genuela etorkizunera begira nolako herria nahi dugun, eta hori, noski, herritarrekin batera irudikatu nahi dugu. Datorren urtean bete-betean sartuko gara horretan. Ariketa izango da etorkizuneko herri bat irudikatzea, eta pentsatzea zer garapen izango duen herriak, baina, batik bat, zer garapen izatea nahi dugun herritarrok.
Herria zahartzen ari da, kanpotik gero eta jende gehiago dator, gazteei ere erantzun bat eman behar zaie. Badaude gai batzuk erantzun egoki bat ematen ez bazaie herriaren bilakaeran eragina izango dutenak.
Inbertsioei eta proiektuei dagokienez, zeintzuk dira erronka nagusiak?
Inbertsioetan, Legorreta 2030 deitu diogun horri erantzutea izango da erronka. Hori lotuko dugu, hirigintza arloan, arau subsidiarioen berrikuspenarekin. Garaia iritsi zaigu legedira egokitzeko.
Gaur egun, lanean ari gara arauei eta hirigintzari dagokionez; aurreko agintaldian enpresen aldetik izan ditugu eskari batzuk: eremua eta jarduera handitu nahi dituzte, eta horri ere erantzun bat eman nahi diogu arauen aldaketarekin.
Eskaera hori aprobetxatuz, enpresa guztiekin jarri ginen harremanetan, haien beharrak ezagutu eta erantzun komun bat emateko. Bestalde, Etxezarreta ere aipatu beharko genuke.
Azken horri dagokionez, zer?
Aurreko legealdian, bete-betean aritu ginen horri erantzun bat eman nahian. Diputazioak martxan zuen eraisteko prozesua. Finantzaketarik ez genuen lortu proiektu bat garatzeko, eta berriz helduko diogu gaiari; ea lortzen dugun, Goiekirekin batera, eskualdeari eta herriari begirako proiektu bat finantzatzea.
Horri dagokionez, dauden arau subsidiarioek ez diote erantzuten gaur egungo errealitateari. Eremu guztia bat balitz bezala hartzen dute, eta ikusten dugu partzela bakoitzak bere bidea izan behar duela. Ari gara hori lantzen ere.
«Porlanaz haratago badaude inbertsioak. Guretzat inbertsioa
dira gizarte zerbitzuen arloko aurrerapenak»«Legorreta 2030 deitu diogun horri erantzutea da erronka;
hori, arau subsidiarioak berrituta lortuko dugu»
Goiekirekin harremanetan gaude, eta diputazioarekin elkartzeko asmoa daukagu. Gainean gaude. Ekonomia Sustapeneko Sailarekin elkartuko gara; harekin harremanetan jarri gara, eta esana diogu proiektua birdimentsionatu eta berriz aurkeztera joango garela.
Herritarrek ilusioa dute proiektu hori aurrera atera dadin, eta beharra ere ikusten dute, eraikin hori hor dagoelako zutik eta hondatzen ari delako. Herritarrek ere uste dute aproposa izan daitekeela jarduera bat garatzeko. Eremu horri dagokionez, behin eraitsita ezingo da beste ezer altxatu, errepidearen eta ibaiaren artean dagoelako, eta lur industrial kalifikazioa galduko luke.
Bestelako inbertsiorik bai?
Inbertsio hitza entzutean porlana datorkigu burura. Baina hortik harago ere badaude inbertsioak. Guretzat inbertsioa dira gizarte zerbitzuen arloko aurrerapenak. Bada inbertsioa berdintasun teknikaria kontratatuko dela Legorreta, Segura eta Zaldibiaren artean. Diputazioarekin hitzarmen bat sinatu du-gu, bi urtetarako diru laguntza jasotzeko. Baina apustua harago doa, udal langilea izango delako: postu finko bat sortu dugu. Horiek ere inbertsioak dira guretzat.
Bestalde, kanposantuan nitxo gehiago egiteko lanekin hasiko gara epe oso laburrean. Urtea oso gogorra izan da; herritar asko hil dira, eta ezinbestean heldu behar diogu horri.
Gainontzean, ingurumenari ere garrantzia emango diogu; energiari lotuta, aurreko agintaldian kaleko argiteria aldatu du-gu. Horrek ekarri du aurrerapausoa bai kutsadurari dagokionez eta bai diru aurrezpenari dagokionez. Hurrengo urratsa udal eraikinetan efizientzia energetikoa lortzea izango da.
Eta gazteei begira?
Alokairurako laguntzak jarri ditugu martxan. Baina gazteentzat bakarrik ez, beste kolektibo batzuei laguntzeko proiektua ere bada; bikote bananduei, adibidez.
Dena den, sakonago heldu beharreko gai bat da, eta ideia batzuk badarabiltzagu buruan; aloikaru sozialarena, esate baterako. Alokairu merkeago bat jarrita, trukean komunitateari ordu batzuk eskaintzea izango litzateke ideia. Etorkizuneko Legorreta irudikatzeko erronken artean egongo litzateke hori.
Horrek zahartzaroari begira ere ematen dizkigu hainbat ideia. Orain arte, zahar etxeak izan ditugu buruan, eta eredu horri buelta bat eman nahi diogu. Gazteek eta adinekoek pisua konpartitzea izan daiteke ideia, eta horrela elkarri laguntzea. Usurbilen horren lanketan ari dira.
Berdintasunari dagokionez, eskolako patioa berritu duzue genero ikuspegia kontuan hartuta. Horrelako beste interbentziorik egingo al duzue?
Eskolako patioaren proiektua ilusionagarria izan da; neskak eta mutilak bereizkeriarik gabe jolasten dira bertan, elkarrekin. Hezkidetza lantzen segitzeko, orain, eskola barruan, tratu onak lantzen ari dira.
Hirigintzari dagokionez ere lan egin nahi dugu, seguruak ez diren tokiak seguru bihurtzeko. Horietako bat tren geltokia da, eta hara joateko bidea. Agendan daukagu gai hori. Duela urte batzuk, proiektu bat egin zen, eta, ia martxan jartzeko zegoenean, Adifek bertan behera utzi zuen. Udal Gobernuaren nahia da geltokia herrira gerturatzea.
Ondarean eta kulturan, zein pauso ematen ari zarete?
Sendabelarren inguruko liburu bat aurkeztuko dugu urte hasieran. Denbora da gai horri ekin geniola, eta orain, hainbat herritar elkarrizketatu ondoren, helburua da baserriko bizimodua hurrengo belaunaldiei transmititzea.
Bukatzeko, lau urte barru atzera begiratu eta zer ikusi nahiko zenuke?
Etorkizuneko norabidea adostua eta finkatua duen herri bat izatea: garapen iraunkorra, garapen soziala eta garapen kulturala uztartuko dituen herri proiektu bat landua izatea. Legorreta hobea, erosoagoa, atseginagoa eta gustukoagoa izatea herritar guztientzat.












