Ataungo EH Bilduk eta EAJk legealdiko akordioa egin dute 7 proiekturen gainean
Herriaren onurarako izango diren zazpi proiekturen inguruan adostasuna lortu dute bi alderdiek. Uren sarea, herri bideak, zuntz optikoa eta erabilera anitzeko eraikina daude tartean
Alderdien arteko ohiko eztabaidak eta ezinikusiak alde batera utzi eta legealdiko akordioa egin dute Ataungo udalean ordezkaritza duten bi alderdiek. EH Bilduk eta EAJk herriko zazpi proiekturen gaineko adostasuna lortu dute, «herriak dituen premia nagusiei elkarrekin aurre egitea eta erantzun bateratua ematea» hobetsita. Astearte iluntzean aurkeztu zuten 2019-2023 legealdirako akordioa herritarren aurrean.
Bi alderdiek, herriaren onurarako izango diren zazpi proiektutan «lankidetzan» aritzeko konpromisoa hartu dute. Aurrenekoa, uraren sare nagusia berritzea eta urak tratatzea izango da. San Martingo plazako Botikan, «erabilera anitzeko azpiegitura» bat bultzatuko dute, parte hartze prozesu baten bidez.
Bideak eta zuntz optikoa
Mendi eta herri bideen inguruan ere, beste bi puntu adostu dituzte. Batetik, mendiak zaindu eta baserri bideak konpontzeko konpromisoa hartu dute. Eta bestetik, herri osoa zeharkatzen duen Kaxio bidea konpondu eta azken zatia bukatzekoa.
Azken urteetan zuntz optikoa ekartzeko hainbat ahalegin egin dira, eta San Martinen badago zerbitzu hori. Baina legealdi honetan, San Gregorio, Ergoiena eta Aia auzoetaraino ere zabaldu nahi dute sarea.
Herria alderik alde zeharkatzen duen errepide nagusian ere egin nahi dituzte hobekuntzak. Horretarako, azterketa bat egingo dute aurrena, eta hobetu eta zabaldu beharreko puntuak zein diren erabaki.
Akordioaren azken puntuan, «Don Juan Arinek egindako toponimia lana aztertu, eguneratu eta erabilgarri» jartzeko konpromisoa ere hartu dute bi aldeek.












