Eguberriko jakiak eta osagarriak
Garaian garaiko barazki eta fruta aukera bikainaz gain, gertu dauden Eguberriei begira aparteko gozoak salgai jarri dituzte, baita izeiak eta beste apaingarri batzuk ere.
Bustiak markatu du goiza; hotzik ez bazen ere, ezatsegina batetik bestera ibiltzeko. Hala ere, garaian garaiko azoka izan zen, bai eguraldiz baita eskaintzaz ere.
Plaza barneko fruitu lehor, oliba, goxoki eta abar saltzen dituzten postuetan, Eguberrien etorrera iragarriz gozo aukera nabarmen hazten ari da aste hauetan. Hala, mazapanak (16-17€/k), girlatxea (20-21 €/k), piku pastela (3,3/bak.) eta polboroiak (6-10€/k) hasi dira saltzen. Fruitu lehorrak urte osokoak izaten badira ere, pikua 6,6-7,6 €/K , arana (6,5-7,5 €/K), mahatspaxa (5,5-14€/K) eta muxika (5,5-16€/K) Gabonetan gehiago saltzen direla esan zigun Vicente Muñozek: «Konpota egiteko erabiltzen dira, eta garai batean baino gutxiago bada ere, oraindik egiten duenik bada». Aparte, eskuz egindako polboroiak dituzte Uliako Labeako postuan, «eskuz eginak eta osagaiak ere bereziak dira: kanabera azukrea, almendra asko, espelta irina eta eskuz banan-banan guk egin eta papertxoan bakoitza bildu…»; prezioa, 36 euro kiloa.
Apainketa gaiak ere ekartzen dituzte feriara: ponsetia, erratza, izeia… Azken honetan ere ohiturak aldatu dira, eta garai batean baino askoz izei gutxiago saltzen da. Halere, urtero ekarri ohi dituzte Lasatarrek, eta atzo bazen izei mordoxka: Normandiakoa deritzana 18€an, eta gorria 10€an. Normandiakoa dela gehien saltzen dena esan zigun Miren Pagolak, orratz-hosto goxoagoak dituelako eta gehiago irauten dutelako.
Hemengo tomate garaia
Oraindik ikus daiteke tomatea postu batzuetan, negutegikoa noski. Barne horiek ekoizpen mota horretarako prestatuak izan behar dute oihal termikoak, berogailuak…, garai honetan hemen tomatea izatekotan. Bestela, kitto.
Atzo zuen azken astea Joxe Mari Uzin Gonzalez Azkoitiko Kurutzia baserrikoak. Hurrengo udaberrira arte agurtu du Ordiziako asteazkeneroko feria.
Barazkietan, aukera handia da eta frutetan mizpira (2,5-5€/k) eta sagar errezila (2-4€/k) nagusi.
Arkumearen prezioan aldaketarik ez da izan, 4€/k + BEZa azken astean. Datozen bietan, garestiago izango da Eguberri garaiarekin bat eginez.