Errepideak Mutiloa eta Zerain lotu zituenekoa
Duela hamabost urte aurkeztu zuten Mutiloa eta Zerain lotuko zituen errepide berriaren proiektua. Zumarragako Trikitixako Joxe Urteagari egindako elkarrizketa argitaratu zuen Hitzak. Eta Idiazabalen, Gaztetxearen eguna ospatu zuten.
Elkarren ondoan egonagatik, duela 15 urtera arte ez zegoen Mutiloa eta Zerain elkartzen zituen errepiderik. 2004ko azaroaren 11n jakinarazi zuen bide berria eraikiko zutela. Bi herrietako alkateekin batera, Joxe Joan Gonzalez Txabarri Diputatu Nagusia etorri zen, proiektua aurkeztera. 2005eko apirilean hasiko zituzten lanak; 1,3 kilometroko bide zatia egiteko, milioi bat euroko aurrekontua bideratu zuten erakundeek. Jose Inazio Berasategi eta Iñaki Ugalde alkateak gustura agertu ziren proiektuarekin, “bi herrien beharrak” kontuan hartu eta “25-30 urte hauetan izan duten desioa” betetzeagatik.
Aste berean, Zumarragako Trikitixa omendu zuten, haiek gogoratzeko eskultura eta liburu banarekin. Horren aitzakian, Joxe Urteaga trikitilari beteranoarekin egindako elkarrizketa argitaratu zuen Hitzak, gaur 15 urte. Bertan, “Gernikako bonbardaketatik onik atera zen soinua konpondu” eta harekin jotzen hasi zela gogorarazi zuen Urteagak. Joxe Oria Zumarragako Trikitixaren sortzaile izandakoaren iloba zen Joxe Urteaga, eta beraiek hasi ziren garaitik, erromeriak asko aldatu zirela zioen: “Garai batean, edozein tokitan jotzen hasi orduko denak zeuden dantzan. Orain, toki batzuetan, badirudi dantzan ere ez dakitela”. Ezkontzetan adibidez, “zain egoten ziren musika noiz hasiko, eta ez zen bi orduz jotzen, bostetan hasi eta hamarrak bitartean eten gabe aritzen ginen”.
Idiazabalen, Gaztetxearen 4. urtemuga ospatu zuten, festa giroan. Astean zehar ospakizun ugari izan bazituzten ere, larunbatekoa izan zen egun handia. Babarrun bazkarian elkartu ziren gazteak eguerdian; arratsaldean herri kirolak izan zituzten, eta gauean berriz, kontzertuak.