Ezkurdia lau t'erdiko txapelduna, Urretxun
Santa Lutzi eguneko ekitaldi garrantzitsuenetako bat pilota jaialdia izaten da. Aurten lau t'erdiko txapelketa irabazi berri duen Joseba Ezkurdia eta Xabier Erostarbe urretxuarra ikusteko aukera egongo da.
Festa non, pilota jaialdia han. Eta Santa Lutzi feria ez da gutxiago izango. Ederrena pilotalekuko jaialdia eguneko ekitaldi garrantzitsuenetako bat izaten da. Aurten binakako bi txapelketetako partidak jokatuko dira.
Jaialdia 17:30ean hasiko da. Lehen partida Promozio txapelketakoa izango da. Peña II.ak eta Arangurenek, Egiguren V.a eta Erostarbe urretxuarraren aurka jokatuko dute. Bigarren partida txapelketa nagusikoa izango da. Bengoetxea VI.a eta Mariezkurrena II.a, Ezkurdia eta Martijaren aurka lehiatuko dira.
Bi bikote horiek atzo egin zuten pilota aukeraketa. Joseba Ezkurdia bi bikoteek aukeratutako pilotekin gustura azaldu zen, baina partidaren amaieran pilotek «grazia» galduko duten beldur da. «Pilotak inoiz baino azkarrago gastatzen ari dira».
Bi bikoteek garaipen bakarra dute eta bigarrena lortzea oso garrantzitsua dela esan zuen. Partida gogorra izango dela uste du. «Jonek (Mariezkurrena) bigarren partida du eta Tolosakora baino lasaiago etorriko dela uste dut. Partida zaila izango da, jotzaile handia baita».
Ederrena pilotalekua gustuko du. «Bi aldiz jokatu dut hemen eta oso frontoi ona da».
Mariezkurrena ere gustura azaldu zen pilotekin. «Materiala nahiko ona da. Beraien pilotak biziagoak dira eta gureak pisutsuagoak dira».
Berak ere partida oso garrantzitsua duela uste du. «Berdintasun handia dago eta galtzen duena sailkapenaren azpialdean geldituko da». Mariezkurrenak ere Ederrena gustuko du. «Pilotaleku ona da. Pilota dezente ateratzen da frontisetik eta pilota zoruan asko ibiltzen da. Ezkurdiarentzat oso ona da».
Erostarberentzat ere partida garrantzitsua da. «Aurkari gogorrak dira. Beraiek ere txapelketa irabazteko faboritoen artean daude. Urtero jokatzen dut Santa Lutzi egunean, baina herrian jokatzeak beti presio apur bat gehitzen du».













