Beasaingo 2020ko egutegia Igunean eta liburu azokan eskura daiteke
Herriko bederatzi argazkilariren argazkiekin eta Mikel Dorronsororen testuekin osatu da. Liburu eta disko azoka ostiraletik igandera bitatean egingo da, Zubimuzu plazan
2020ko udal egutegia eskuratzeko aukera dago dagoeneko udaletxeko harrera bulegoan Igunean edo bihartik igandera bitartean Zubimuzu plazan egingo den liburu eta disko azokako karpan. Beasaingo natur ondarea eta ingurunea gaia izan duen argazki lehiaketara aurkeztutako hamahiru argazkiek eta Mikel Dorronsorok idatzitako testuek dotoretu dituzte egutegiko orriak. Hilabete bakoitzaren azpian, gainera, hilabetea izendatzeko erabili izan diren hitzak jaso dituzte.
Argazkiei dagokienean, bederatzi argazkilariren lanak jaso dituzte: Manu Barreiro (azala), Andres Lekuona (urtarrila, maiatza eta urria), Imanol Zubiaurre (otsaila, apirila eta abendua), Adrian Fajardo (martxoa), Ibon Otxoa (ekaina), Andres Latasa (uztaila), Marian Segovia (abuztua), Jose Amutxastegi (iraila) eta Juan Garin (azaroa).
Hilaren 20an, 19:00etan egingo da sari banaketa ekitaldia Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan. Lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik. Gainera, 2021eko egutegirako argazki lehiaketako gaia plazaratu du dagoeneko udalak: Beasaingo txokorik kuttunena.
Azoka eta irakurle taldea
Liburu eta disko azokari dagokionean, aurten Beasaingo Udalak antolatu du azoka Mirentxu liburudendarekin elkarlalanean, eta ohi bezala, %15eko beherapena izango dute produktuek. Azoka 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da irekita; igandean, goizez bakarrik.
Bestalde, Irakurle Taldeak bihar egingo du abenduko irakur tertulia, 17:30ean, Igartzako Jauregian. Ione Gorostarzuren Ez da erditzea liburuaz ariko dira.