Jokin Telleriak irabazi du 'Arimaren Margolariak' telebista saioa
Margolari beasaindarrak irabazi du ETBko telebista saioa; finalean, Beatriz Gonzalez eta Idoia Iturri izan ditu aurkari. Telleriak 5.000 euroko saria jaso du.
Jokin Telleria margolari beasaindarrak irabazi du ETBko Arimaren margolariak telebista saioa. Hainbat programa eta kanporaketaren ondoren, hiruko finalera iritsi zen Telleria, Beatriz Gonzalez eta Idoia Iturri lehiakideekin batera. Azken proban, Oñati eta Aranzazu inguruko paisaia eta natura hila irudikatzen zituen koadroa egin behar izan zuten, eta epaimahaikoak, Telleriaren lana aukeratu zuen. 5.000 euroko saria jaso du beasaindarrak.
Hunkituta agertu da saria jasotzerako garaian. “Niretzako ohore handia da beste zazpi kiderekin, denak hain margolari onak izanda, sari hau eramatea”. Hiru coach edo epaimahaikideei ere esker ona agertu die, “oso maila altuko profesionalak, artista benetakoak” direlako eta “jakin dutelako gu baloratzen beste askok baloratuko ez gintuzten bezala”. Sari hori haiengandik jasotzea “izugarrizko ohorea” dela azaldu du Telleriak. Saioan “oso ondo” pasatu duela dio, eta gainontzeko margolariak ere proba egitera animatu ditu.