Legazpiko Udalak tren geltokiko eraikin zaharra botatzea erabaki du
EAJk eta PSOEk eraisketaren alde bozkatu dute, eta EH Bilduk kontra. Eraikinak babestuta daude, baina babes maila «baxua» dela adierazi du alkateak. Adifek egingo ditu obra berriak
Tren geltokian obrak egingo dituztela eta, orain arte erabili den eraikina Irunerako norabidean dagoena eraistea erabaki du Legazpiko Udalak. Aurreko astean egindako osoko bilkuran hartu zuten erabakia udaleko taldeek. Zazpi boto alde eta bost kontra izan zituen ebazpenak: EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten, eta EH Bilduk aurka. Legazpiko Berdeak ez zen bilerara agertu.
Erabaki hori hartzeko, Ondare Urbanistikoa Babesteko eta Mantentzeko Plan Berezian aldaketak egitea nahitaezkoa zenez, hori izan zen lehenengo urratsa: geralekuko bi nasetan dauden eraikinek duten tokiko kontserbazio maila kentzea. Bigarren mailakoa denez, Legazpiko Udalaren esku geratu da erabakia: «Maila altuagoa izango balu, Eusko Jaurlaritzaren esku egongo litzateke», azaldu du Koldobike Olabide alkateak.
Bozketa bidez hartu zuten erabakia udaleko alderdiek: eraikinak eraistearen aldeko zazpi boto, EAJk eta PSE-EEk emanda, eta kontrako bost, EH Bildurenak.
Behin eraikina botata, lursaila txukunduko dute eta eraikin berrian informazio grafikoa jasoko dute, geltoki zaharreko dokumentu eta argazkiak bilduta.
Segurtasuna
Udalaren arabera, segurtasuna da erabakia hartzeko arrazoi nagusia: «Erabilpenik gabeko eraikin bat mantentzea, trenbidea gertu izanda eta jende gutxi dabilen eremu batean, ez da segurua», azaldu du Koldobike Olabide alkateak. Eraikinaren jatortasuna ere izan da arrazoietako bat: «Oraingo eraikina ez da originala, esku-hartze ugari izan ditu». Horren aurrean, Adifek bi alternatiba proposatu zituen. Batetik, geltokiko irudi originala berreskuratzea, beste administrazio batzuekin lan egiteko konpromisoa hartuta, eta, bestetik, eraikina eraitsi eta geltoki zaharreko informazio grafikoa biltzea eraikiko den geltoki berrian. Azken hori jarri du abian Legazpiko Udalak.
Eraikin berrirako kontratazio prozesuak sei hilabete iraungo ditu. Obrak udan hastea aurreikusi du alkateak. 2021rako amaituko dute: «12 hilabeteko lana izango da gutxi gorabehera».