Movember kanpainaren balorazio «oso positiboa» egin du MoHerri taldeak
Diru bilketaren taldekako sailkapenean laugarren izan da MoHerri taldea, 7.885 euro jasota. Lan talde osoak kanpainan parte hartu duten guztiei «eskerrak» eman nahi izan die
Azaroa bukatu eta horrekin batera amaitu zen gizonezkoei eragiten dien minbiziaren inguruan gizartea sentsibilizatzeko Movember kanpaina. MoHerri taldeko kideak «oso pozik» agertu dira, aurtengoak «izugarrizko arrakasta» izan duelako, «arlo guztietan, bai sentsibilizazioari dagokionez baita diru bilketari dagokionez ere». Herritar «askok» parte hartu dute antolatutako ekintza guztietan eta denera 7.885 euro bildu dituzte; estatuko laugarrenak dira diru bilketaren taldekako sailkapenean. Jasotakoa, ikerketara bideratuko dute.
Ordizia MoTown izena atzean utzi eta aurten, Goierri Moherri izan da Movember kanpainaren aurrean egon den Goierriko lan taldea. Estrategia aldaketak «emaitza oso onak» eman ditu. Prostatako minbiziaren eta barrabiletako minbiziaren inguruan eta gizonen osasun mentalari buruz hitz egiteko beharraz sentsibilizatzea izan da Movember kanpainaren helburua, beste behin, gizonezkoei eragiten dien minbizi horien ikerketarako dirua biltzeaz gain.
Lan taldeko kideek esan dute «eskertzeko asko» dutela, «pertsona anonimo askori, enpresei, autonomoei, merkataritza eta ostalaritza elkarteei eta kirol elkarteei, besteak beste, gurekin lankidetzan aritu baitira dirua biltzeko eta gure mezua kalean, prentsan, telebistan eta irratian zabaltzeko».
Aurten, gainera, sekula baino ikusgarritasun handiagoa lortu dute, eskualde mailan ekitaldiak antolatu dituztelako.