Urrupek 'Desio izeneko tranbia' antzezlana taularatuko du bihar
Goierriko Urrup Antzerki Taldeak Tennessee 'Williamsen Desio izeneko tranbia' obra antzeztuko du bihar, Usurbe Antzokian.
Tennessee Williamsen Desio izeneko tranbia aurkeztuko du bihar Urrup antzerki taldeak, 22:15ean, Usurbe Antzokian. Urrupen esanetan, «kulturari eta euskarari bultzadatxoa emateko aukera polita eskaini nahi diegu herritarrei». Rosa Rojoren zuzendaritzapean aktore lanetan ariko dira hainbat goierritar: Ana Martinez (Blanche), Josune Azurmendi (Stella), Gorka Lariz (Stanley), Jose Luis Argiñano (Mitch), Marisol Cavero (Eunice), Yokin Suarez (Steve), Xabier Ormazabal (Pablo), Maider Unanue (lore saltzailea), Jose Luis Elorza (medikua), Ekain Auzmendi eta Martin Etxeberria (erizainak). Garazi Otegik egingo ditu teknikari lanak. Eszenografia Rosa Rojo eta Imanol Juanesen eskutik joan da oraingoan ere.
Pulitzer saria 1948an
Antzerkigile estatubatuarrak Pulitzer saria lortu zuen 1948an lan horrekin eta mundu mailako ospea lortu zuen Elia Kazanek zinemara eraman zuenean Marlon Brando eta Vivian Leighren eskutik. Blanche DuBois, hegoaldeko plantazio familiarraren galerak bultzatuta, New Orleansera joaten da bere ahizpa (Stella) eta koinatua (Stanley Kowalski) bisitatzera. Blanche istorio korapilatsu batetik ihesi dator eta bere bisitak gatazkak sortuko ditu bikote gaztearen bizitzan. Izaera arazotsu eta konplexua duten pertsonaia horiek edozein unetan eztanda egin dezaken desioz eta tentsioz betetako mundu aztoragarri batean murgilduko gaituzte.