Bost belaunaldiko farmazia eta txotx garaia
Ordiziako Jauregi farmaziak 150 urte bete zituen eta Iñigo de la Cuestak eta Clara Jauregik bost belaunaldiko historiaren errepasoa egin zuten Hitzarentzat. Sagardotegien garaia ere hasi berria zen.
Urte hasiera guztiak antzekoak direla pentsa liteke boteprontoan, errege zamalkadak, Astotxo Eguna, sagardotegi garaia… Horietako asko errepikatu ziren 2005eko lehen egunetan, Goierriko Hitzaren orrialdeetan. Baina izan zen bestelako albisterik ere. Ordiziako Jauregi farmaziak, esaterako, 150 urte bete zituen, eta bost belaunaldiko historiaren errepasoa egin zuten bertako arduradunek.
Clara Jauregik eta Iñigo de la Cuestak daramate Ordiziako Jauregi farmazia historikoa. Lehengusuak dira, eta farmazia daraman familia bereko bosgarren belaunaldia dira. Jose Antonio Jauregi izan zen aurreneko farmazia ireki zuena, Abaria jauregiaren behekaldean. Anselmo semeak hartu zuen negozioa gero; tokiz aldatu, eta egungo lekuan kokatu zuen, 1896an. Jauregi familiarena eskualdeko farmazia bakarretakoa zen. Hori dela eta, Ordizian ez ezik, Goierri osoan ezaguna da farmazia, hein handi batean, asteazkeneroko azokari esker.
Bestalde, sagardotegietako txotx garaia hasi berria zen, eta Goierriko bi sagardotegiren lekukotza jaso zuen Hitzak egun haietan. Batetik, Ataungo Urbitarten egindako irekiera festarena; aizkolari, trikitilari eta bertsolariekin giro ederrean hasi zuten denboraldia. Bestetik, Otatza sagardotegiko Jose Antonio Iparragirrerekin egindako elkarrizketa argitaratu zuen egunkari honek. Sagar askoko urtea izan zela zioen, eta ateratako sagardoa “lehorragoa eta zertxobait garratzagoa” zetorrela.
Gabonen ondorenean, pinu bilketaren inguruko kontuak ere baziren. Sasieta Mankomunitatea etxeetan apaingarri moduan ibilitako pinuak jaso eta konposta egiten hasia zen. Pinuak “etxe barruan asko hondatzen” direla azaldu zuen Enrike Enparantza teknikariak eta ezin direla berriz landatu. Hala ere, “konposta egiteko egokiak” direla azaldu zuen, eta Goierri osoan ekin zioten bilketa egiteari. Gero, ongarri moduan erabili zuten konposta hori.