Mugimendu feministak herri mailako ekintzak antolatu ditu goizean, eta eskualde mailako manifestazioak arratsaldean. «Argi diogu: aurten ere borrokan gaituzue. Su etenik ez»

Mugimendu feministak protesta ekintza ugari antolatu ditu igandean, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Batzuk, herri mailakoak eta, besteak, eskualdekoak. Goierri beheko manifestazioa 17:30ean abiatuko da Ordiziatik, Lazkaotik eta Beasaindik, eta Beasaingo Gipuzkoa Plazan elkartuko dira hiru zutabeak. Urretxun eta Zumarragan 18:00etan egingo dute manifestazioa Antolatu indarrak, batu borroka feministara lelopean, eta Legazpin 12:00etan. «Goierri osoa morez margotuko dugu».
«Borroka feminista beharrezkoa da oraindik. Horregatik joan ginen urtarrilaren 30ean greba orokorrera, eta horregatik beteko ditugu kaleak martxoaren 8an. Ozen esango dugu jendarte eredu hau jasangaitza dela pertsona gehienontzat. Batez ere, emakumeontzat eta genero disidenteontzat eta planetarentzat», aldarrikatu zuen Maddi Jauregi mugimendu feministako bozeramaileak. Greba egunik ez dute antolatu aurten. «Ezintasuna eta su etena irudikatu nahi izan dute batzuk. Baina ez bata, ez bestea», gaineratu zuen. «Gure aldarrikapena argia da: eskubideen galera, hondamendi ekologikoak, gerra suntsitzaileak, lurraldeen desjabetzeak, pertsonak haien etxeak uztera behartzen dituzten derrigorrezko desplazamenduak, migrazio politikak eta ultraeskuinak hauspotutako arrazismo eta homofobia salatuko eta borrokatuko dituen feminismoa defendatuko eta eraikiko dugu», esan zuen Maddi Imaz bozeramaileak. «Ozen eta garbi diogu: aurrean gaituzue».
«Borroka feminista emakume langileok antolatzeko eta beste eredu sozial eta produktibo bat salatzeko eta aldarrikatzeko tresna bat gehiago da. Ez da helburu bat. Ahalegin eraldatzaile horretan jarraitzen dugu, eta feminismoan emakumeon auto-antolaketaren beharra behin eta berriz azpimarratuko dugu».
Komunitate feminista konprometitua aldarrikatu zuten. «Neoliberalismoak horren eragin handia duen mundu honetan behar beharrezkoa da taldeetako, kolektiboetako eta batzarretako antolaketa feministaren bidez kaleetan presio egitea». «Feminismo antifaxista aldarrikatzen dugu. Kapitalismo basatiari, arrazakeria instituzionalari, eredu zurrunetan eta errealitatetik urrun itotzen gaituen gorputzen merkantilizazioari eta eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre egingo dion feminismo antifaxista».
Ibilbide morea
Emakume ugari inguratu ziren Ordizian martxoaren 8rako antolatu dituzten ekintzen aurkezpenera, Udalak, Kimetz Emakumeen Elkarteak eta Koordinadora Feministak deituta. Egitarau oparoa prestatu dute, baina antolatutakoen artean nabarmentzekoa da, emakumeen nazioarteko egunean, martxoaren 8an, egingo duten Ibilbide Morea deitu dutena.
Horren barruan, egun horretako aldarriak kalera atera asmoz, gune desberdinak egongo dira: San Jose egoitzan, zaintzaileak eta erresidentzietako langileak egongo dira; Garagartza plazan, emakume kirolariak; Torresolen, kulturaren alorreko emakumeak; Korreos inguruan, Kattalin elkarteko kideak; Mariane eskulturaren inguruan, emakume etorkinak; Nikolas Lekuona plazan, emakume pentsiodunak; Zuhaiztin, Kimetz elkarteko emakumeak; eta Goizane eskulturaren ondoan, Koordinadore Feministako kideak. 12:30ean hasiko dira.