Urrup antzerki taldeak 'Un tranvia llamado Deseo' egingo du bihar Lazkaon
Ordizian «arrakasta handiz» estreinatu eta gero, Lazkaon egingo dute antzezlana, bihar, gaztelaniazko bertsioan.
Goierriko Urrup antzerki konpainiak Tennessee Williamsen Un tranvia llamado Deseo lana taularatuko du Lazkaon. Areria antzokian izango da emanaldia, bihar 21:00etan. Gaztelaniazko bertsioa aurkeztuko dute oraingoan, uztailean Ordizian euskarazkoa «arrakasta handiz» erakutsi ondoren.
Zinemagintzako klasikoa da lana, eta Williams estatubatuarrak Pulitzer saria lortu zuen horrekin 1948an. Elia Kazanek bihurtu zuen film ospetsu, Marlon Brandok eta Vivian Leighek antzeztua.
AEBetako XX. mendearen lehen erdiko giroa islatzen du, hegoaldeko landaketen gainbehera garaia. Blanche Dubois da protagonista, antzerkian Ana Martinezek gorpuztua. Josune Azurmendik eta Gorka Larizek egingo dituzte Stella eta Stanley Kowalski bikotearen paperak.
Hamaika aktoreko taldea
Ohi bezala, erreparto zabaleko antzezlanari heldu dio Urrupek, beti bezala Rosa Rojok zuzenduta. Un travia llamado Deseo-n 11 aktorek parte hartuko dute, amateurrak denak: aipaturiko Martinez, Azurmendi eta Lariz, eta Jose Luis Argiñano, Marisol Cavero, Jokin Suarez, Juanma Pecharroman, Maider Unanue, Jose Luis Elortza, Ekain Auzmendi eta Martin Etxeberria.
Talde teknikoa Garazi Otegi teknikariak eta Imanol Juanesen eszenografiak osatu dute.