Artzainak kexu dira arkumearen prezioa %65 jaitsi delako
Latxa Esnea, Larsabi eta Artzain Gazta elkarteek, «ardi latxa sektorearen parte handi baten ordezkari gisa», salatu dute Eusko Jaurlaritzak ez dietela irtenbide «duinik» eskaintzen koronabirusak eragindako kalteak leuntzeko. «Sektoreak martxan jarraitzen du esnearen, gaztaren eta arkumeen kalitatezko ustiapena bermatzeko. Eguneroko lan horri birusaren hedapena saihesteko hartu beharreko neurriak gehitu behar zaizkio. Baina ikusten ari gara ekoizpen gunean arkumearen prezioak %65era jaisten ari direla, baita produktua preziorik eta ordaintzeko eperik gabe entregatzen ari direla ere, sektoreari eta kontsumitzailearen kaltetan».
Eusko Jaurlaritzak erantzun die animalien salerosketa bermatuko duela eta prezioei eutsi egingo dietela. Eroski arduratuko da arkumeak merkaturatzeaz. Halere, artzainak ez daude konforme: «Uste dugu proposamena ez dela irtenbide duina sektorearentzat, ez egungo larrialdi egoerarentzat, ez krisi hau amaitzen denerako. Onurak eta laguntza publikoa zenbait bitartekarien interesak finantzatzera bideratuta daude». Kexu dira eurei merke erosi eta garesti saltzen dituztela produktuak: «Noren esku gelditzen da alde hori?», galdegin dute. «Elkarrizketa bat eskatzen dugu, proposamen eta irtenbide adostu eta duin bat sortzeko».












