House eta reggae erritmora
Bizilagunak dantzan jarri dituzte DJ Monkeyk Ordizian eta Ziribulio Sound System Kolektiboko Keif-ek Ormaiztegin, kaleak eta auzoak kontzertu areto bihurtuta
Artistez betea dago Goierri, hala erakusten ari dira. Asteburuan, kontzertu areto bihurtu dira beste behin ere, hainbat herritako kaleak eta auzoak. Azken asteetan, eskenatoki bihurtu diren balkoietatik eta lehioetatik, dantzan jarri dituzte bizilagunak, DJ Monkeyk, Ordizian eta Ziribulio Sound System kolektiboko Keif -ek, Ormaiztegin.
Astebururako «abesti zerrenda prest» du Josu Buldain-DJ Monkey ordiziarrak. Hirugarren astez jarraian, Filipineta kalea alaitzen ahaleginduko da eta «Arana kalean, Floreagan, San Juanen, Lukusinen, Urdanetan, Poligonoan, Altamiran eta Garagartzan» ere entzun ahal izango dira, hark aukeratutako doinuak. Izan ere, streaming bidez egingo duen emisioa hedatzeaz arduratuko dira, Ordiziarrockeko lagunak.
Antza denez, «aspalditik buruan» zuen ideia da balkoiarena. Baina, alarma egoera ezarri aurretik, ezinezkotzat jotzen zuen, «egin izan banu, salaketa jasoko nuen» esan du barrez. Etxealdiak sortu duen aukera aprobetxatuz, musika nahasteko mahaia eta bozgorailuak balkoira atera, eta «house musika lasaiarekin hasi» zen. Bigarren sesioan, elektronika doinuak baita ere. Hirugarrengoan berriz, «doinu dantzagarriak bai, baina rocka, bluesa, kunbia sikodelikoa, estilo ugari entzungo dira». Buldainek, elektronika du gustuko, baina «bizilagunengan pentsatuz», beste estilo horiek ere jarriko ditu. Euiririk ez bada, larunbatean, 18:00etan hasiko da.
Reggae eta dancehall
«Jendearen harrera uste baino hobea izan zen, bai dantzan, bai abesten… Gainera bizilagun guztiak mozorrotu ziren auzoko balkoiei beste kolore bat emanez». Horrela gogoratzen du Keif ezizenaren atzean dagoen Kevin Magallanes ormaiztegiarrak, asteburuan, haren herrian, kalea girotzeko egin zuen emanaldia.
Auzoan reggae eta dancehall musika eskaini zituen. Ziribulio Sound Systemekoak zein Nikotina taldeak argitaratutako maketako abestiak entzun ahal izan zituzten bizilagunek, besteak beste. Pozez gogoratzen du ormaiztegiarrak larunbat arratsaldeko sesioa. Bigarren emanaldirik egingo ote duen oraindik ez daki esaten. Bizilagunendik jasotako erantzuna ikusita, haiek, ziur, berriro horrelako giroa sortzea eskertuko dutela.












