«Zikloa mozten bada, ardiak lehortu egiten dira, esnea joaten zaie»
Ordiziako Artzain Eguna ospatzekoa zen aurreko asteazkenean, apirilaren 15ean. Joseba Insausti artzainak iaz 3. aldiz irabazi zuen Idiazabalgo Jatorri Izendapenak ematen duen erregulartasun saria.
Koronabirusagatik baserri lanetarako kontratatzen dituzten hainbat zerbitzu geldituta daude eta, ondorioz, lana pilatu egiten zaiola azaldu du: «Izan arkumeei belarritakoak jartzea, edo ilea moztea, edo albaitariaren tratamenduak jartzea… Galdara hautsi zitzaidan eta galdara-etxea itxita zegoen. Eta gazta egiteko ur beroa behar dut. Iturgina den bizilagun bat etorri zen azkenean», esan du Insaustik.
Konfinamendu aldetik, halere, ez du desberdintasunik nabari: «Guk negu garaian sei hilabete behintzat pasatzen ditugu horrela, menditik jaitsi eta berehala, jezten uzten diegun arte», azaldu du.
Ezin gelditurik
Espainiako Gobernuak autonomoentzako laguntzak emango dituela jakinarazi du, baina fakturazioa gelditu behar da horiek jaso ahal izateko, besteak beste. Artzainen kasuan, garaian garaikoa landu behar denez, ezin dute gelditu, kanpaina osoa galduko baitute bestela: «Zikloa mozten bada, ardiak lehortu egiten dira, esnea joaten zaie». Egunotan ekozten jarraitzen dutela agertu du, baina merkeago saltzen dutela, galerak eraginez. «Ezin gara gelditu, baina nik nola frogatu dezaket artaldeari ilea beranduago mozteagatik eta abar galerak izan ditudala?».












