Etxea margotzea, konfinamendurako plana
Pintura salmentak gora egin du nabarmen azken asteotan; jende askok etxea margotzeko baliatu du konfinamendua. Margolari profesionalek, aldiz, zailtasunak dituzte euren lana egiteko.
Irakurtzea, bizkotxoak egitea, maskarak jostea, armairuak txukuntzea… Aukerak amaigabeak dira konfinamenduaren ondorioz etxean igaro beharreko denbora azkarrago igaro dadin. Etxeari berari ere ohi baino arreta gehiago eskaintzen zaio, eta egun hauetan margo lanak, esaterako, areagotu egin dira.
Handizkako margo dendak irekita daude, margolari profesionalei zerbitzua emateko, baina partikularrei saltzeko bidea ere aurkitu dute, etxez etxeko banaketaren bidez. Margolari profesionalek, aldiz, ez dute lanerako aukera handiegirik, ezin dutelako ezer margotu jendea dagoen etxebizitzetan.
Margotzea, ausardia kontua
Beasaingo Margogai da egun hauetan zabalik dagoen margo dendetako bat; denda baino, biltegia da, margolari profesionalei zuzendutakoa. Tomas Lasa arduradunak dioenez, «hasieratik argi izan dugu egun hauetan lan egitea bagenuela, handizkako saltzaileak garelako, profesionalei saltzen diegu materaiala». Baina partikularrei zerbitzua emateko bidea ere aurkitu dute, margoak etxez etxe banatuta batez ere, nahiz eta biltegira joaten direnei ere arreta egiten dieten.
Azken aste hauetan pintura «pila bat» saldu dutela aitortu du, «gehiegizkoa» izan dela; etxean geratzean jende asko margotzera animatu omen da, «paretak margotuta goitik behera alda dezakezu etxea, denbora eta ausardia piska bat besterik ez dira behar».
Koloreei dagokionez, hainbat tonutan hautsitako zuria izan da salmenten erregea, «dekorazioaren munduan dagoen azken joera da horixe, minimalismoaren kontzeptua, argitasuna».
Etxeko paretak ez ezik, egurrezko altzariak, sukaldeko eta bainugelako altzariak eta paretetako zein zoruetako baldosak margotzera ere asko ausartu direla dio Lasak, «gaur egun denerako produktuak daude, aukera zabala dago». Leiho eta leihatila, balkoi eta garajeetako pareta eta zoru asko ere margotu dira azken asteetan, eta dekorazio lanak egiteko ere erosi du pintura jendeak, klarion efektua egiten duena, adibidez, zahar itxura emanez altzariak berreskuratzeko.
Lasak dioenez, «margotzea erraza da, denbora, ausardia eta trebetasun piska bat bestetik ez du eskatzen». Denbora badu orain jendeak, eta konfinamendua aukera ona da etxea goitik behera aldatzeko, prezio onean gainera, pinturaren kalitate bajuenetik hasita, 100 euroan pisu oso bat margotu daiteke eta. Hezetasunari aurre egiteko margoen aukera, kalitate desberdineko pinturak, koloreak… «gu beti gaude aholkuak emateko prest!». Eta margolari profesionalak ere bai, noski: «Haiek baino hobeto ez du inork egingo!».
Profesionalek, lan gutxi
Baina margolari profesionalek zailtasunak dituzte euren lana burutzeko, alarma egoeraren ondorioz debekatuta dutelako jendea dagoen etxeetan sartzea, «baita hutsik dauden etxebizitzetan ere, komunitateak hala erabakitzen badu», Legazpiko Duran Pinturak enpresako Hipolito Duranek azaldu duenez. Bizilagunen baimena duten etxeak eta hutsik dauden garajeak, lokalak edo lantegiak dira orain margolarientzako lan esparru bakarra.
Duranek aitortu duenez, bizi duten egoera ez da erraza, baina bera «lasai» dago, momentuz lana baduelako eta lan egiteko modua ere bai, eta beste askok ez bezala, negozioa ondo asentatuta duelako. «Badira 25-26 urte sortu nuela Duran Pinturak, aurretik urte asko beste margolari batentzako lan egin eta gero. Lokala, furgoneta, materiala… nik ez dut arazorik. Hasi berriak direnak eta maileguak ordaintzeke dituztenak, horiek okerrago ibiliko dira», azaldu du.
Aurrera begira, susperraldia luzea izango dela uste du, eta gobernua eskaintzen ari den laguntzak nahiko ez direla izango uste du; autonomoen kuotak atzeratzeak, 600 euroko diru laguntzek, bankuak eten gabe eskaintzen ari diren maileguek… «ez dute ezer konponduko».
Azken asteotan bezala norberak bere etxea margotzeak ere ez diela asko lagunduko uste du: «Jendea nahiko trebea da, eta lana kenduko digute».