Ardiak ere mendira bidean
Joseba Insausti ordiziarra gaur goiz erdian pasa da artaldearekin Zaldibiatik, Aralarren duen Esnaurreta txabolara bidean
Behor eta behien Aralarko goi larreetarako bidean ikusi ziren atzo batik bat, nahiz eta artzain batzuek mendirako bidea ere hartu, tartean Gerardo Jabier Garmendia zaldibiarrak. Gaur, 11:00ak pasatzeko zirela, artegia Zaldibiako Arrumuinon duen Joseba Insausti artzaina artaldearekin pasa da Zaldibiatik, Aralarko Esnaurreta txabolara bidean.
Aralarko larreak maiatzaren 1etik 2021ko urtarrilaren 31ra arte erabili ahal izango dituzte Enirio-Aralar mankomunitatean eskaera egin duten 130 abeltzainek: 37 mendian txabola duten artzainak dira, 35 behizaleak eta 58 behorzaleak. Denera, 17.311 ardi, 985 behi eta 862 behor larratuko dira mankomunitateko goi larreetan.