Azken notarako eskuliburu bila

Hezkuntza sistemako goren mailak ikastetxeetara itzultzeko asmo zehaztugabeak buruhauste ugari piztu ditu ikastetxeen eta gurasoen artean. Astebete atzeratu du jaurlaritzak, maiatzaren 25era

Legazpiko Olazabal institutua, Aizaleku menditik hartutako argazkian, aurtengo urtarrilean. // Gotzon Aranburu

Nahas-mahasa, iritzi kontrajarriak, eta agintaritzaren aldetik mezu kontraesankorrak nagusitu dira Hezkuntza sisteman azken egunetan, ikasleek eskolara itzultzeko ireki den asmoaren inguruan. Hezkuntza Sailak datorren astelehena maiatzak 18 izendatu zuen 15 urtetik gorako ikasleen itzulerarako (DBH4, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa), segurtasun neurri bereziekin eta gelako gehienezko kopurua mugatuta. Baina ahots asko altxatu dira aurka, egingarria eta segurua ez dela iritzita. Azkenean, astebete atzeratzea erabaki zuen atzo, maiatzaren 25era arte.

Goierrin, kontsultatutako bigarren hezkuntzako institutuetan eta lanbide eskoletan zalantzak gehiago dira ziurtasunak baino. Atzo goizean, oraindik jarraibide ofizialik jaso gabe zeuden, eta, ondorioz, erabakirik hartu ezinik. «Egunero aldatzen dutenez diskurtsoa, hankaz gora jartzen da egun batean hartutako erabakia hurrengorako. Beraz, zalantza egoera horretan gaude. Jarraibideak atera arte, ezin dugu erabaki. Airera botatzen dituzte gauzak, baina gero ezer finkorik eta agiri idatzirik ez digute bidaltzen ikastetxeetara», deitoratu dute Legazpiko Olazabal institutuan.

Ikastetxeen ezjakintasunari, ikasleen eta familien ezinegona batu zaio. Nork joan ahalko duen eskolara, zer baldintzatan, eta nork jarraitu beharko duen on-line etxetik, airean egon da. Ikastetxeek gaur jasotzea espero dute Hezkuntzaren aldetik jarraibide ofiziala. Itzul daitezen, Hezkuntzaren aldetik «presioa» dagoela aitortu dute zenbaitzuk.

«Hatzak ezin ditugu harrapatu. Erabakitzen badugu bueltatzea, eta ilegala baldin bada gero, zer arraio egiten duzu?», diote Olazabal institututik.

Prestaketak egiten

Erabaki ofizialaren zain, osasun eta segurtasun gaietan prestaketan aritu dira Goierriko institutuak eta bigarren hezkuntzako zentroak, aste honetan. Hor ere gabeziak kritikatu dituzte zenbait arlotan. Klaseak bertatik bertara hasi ahal izateko, maskarak, jel hidroalkoholikoak eta termometroak behar dituzte. Eskola batzuek jela soilik jaso dute, eta euren bitartekoekin hornitu behar izan dute gainerakoez.

«Horiek behar ditugu, hasi nahi badugu. Guk gure aldetik erosi ditugu, baina Hezkuntzak ez dizkigu bidali. Prest egon gaitezke, eta hasteko baldintzak eta dena prestatzen ari gara, baina azken erabaki ofiziala behar dugu», errepikatu dute.

Lanbide heziketa eskaintzen duen Goierri Eskolan ere atzo ezin izan zuten klaseetarako itzulera baieztatu. «Egunetik egunera aldatzen dira gauzak. Berriak orduro ateratzen dira. Hezkuntza Sailetik bilerak izaten ari dira ikastetxeetako arduradunekin, sindikatuekin eta hainbat eragilerekin, baina egun batetik bestera aldaketa dezente dabil», esan du Joxemari Alkorta komunikazio arduradunak.

Itxaronaldi horretan, «makina bat» arau betetzeko eta instalazioak berrantolatzeko lanean ari dira Goierri Eskolan: «Eskola mailan badaukagu talde bat protokolo eta garbitasun arloa gestionatzen ari dena, itzulera prestatzeko. Gure esku dagoena instalazioen garbitasuna eta higienea da; dena antolatuta daukagu», dio Alkortak.

Maiatzaren 25ean

Zalantza handiena, itzuleraren egunarena, atzo arratsaldean argitu zen: maiatzaren 25ean irekiko dira eskolak. Borondatezkoa izango da, eta ikastetxe bakoitzak erabakiko du.

Orain arte aurreikusitako bi olatutako eskolatzea, beraz, astelehenean zortzi hasiko da: lehenik Batxilergoko 2. maila eta Lanbide Heziketako goi zikloetako 1. eta 2. mailak eta oinarrizko mailetako bigarren ikasturtekoak, eta gero DBHko 4.ekoak, Batxilergoko 1. mailakoak eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako lehen mailakoak.

EHIGE eta Denis Itxaso, eskolara hastearen aurka

Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak (EHIGE) argi du postura: «Ez da aurrez aurreko eskoletara itzuli behar berme juridikorik eta segurtasun bermerik ez dagoen bitartean». Horren ondoren, ikasgeletara «lehenbailehen» itzultzearen aldeko dela gaineratu du, «baina une honetan aipatutako baldintzak ez dira betetzen». 18a erabat alboratu du. Administrazioari eskatu dio segurtasuneko plana bidal dezala berehala ikastetxeetara, «hauek beren errealitatera egokitu dezaten. Ikastetxeko plana eskola-kontseiluak adostu behar du».

Bestetik, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxasok gogorarazi du deskonfinamenduaren 1. fasean egitekoa ez dela haurrak eta ikasleak eskoletan berriro sartzea. Maiatzaren 25era arte, 2. faseari itxaron behar zaiola aurreratu du, lege hausterik ez izateko.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa