«Bizi erritmoa aldatu ezean aldian aldian sustoren bat eramango dugu»
Guillermo Quindos Mikrobiologian Katedraduna da eta Lemniskatak antolatutako online hitzaldietan ariko da bihar. Galderak bidali daitezke elkartearen posta elektronikora
Guillermo Quindos Mikrobiologiako Katedraduna da EHUko Bilboko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean. Ikerketari dagokionez, taldekideak egun hauetan geldi daude, baina dibulgazio lanetan buru belarri dabiltza. Lemniskataren zikloan El nuevo coronavirus despues de la pandemia hitzaldia eskainiko du gaur 19:00etan, zientzia sarearen Youtubeko kanalean zuzen zuzenean: «Covid-19ari buruzko lau zertzelada arin eman nahi ditut. Zer da? Nola zabaltzen da? Gaixoak artatzeko zer baliabide ditugu? Eta, taldeko immunizazioak nola eragin dezake etorkizunean gaixotasunaren bilakaeran?», utzi ditu galderak airean Quindosek. «Hitzaldiak bigarren zati bat ere izango, galdera-erantzunena. Entzuleen galdera eta kezkak argituko ditut eta ea elkarrizketa bat sortzen den», aipatu du. Galderak lemniskatasarea@hotmail.com helbidera bidali behar dira.
Hausnarketaren bila
Quindosek entzulea hausnartzera bultzatu nahi du. «Seguruenik, pentsamendua eta jarrera aldatuko digun egoera bat da egungoa. Birpentsatu egin behar dugu oinarrizko industriak deslokalizatuta egoteak zer ondorio dituen eta ez al den hobe hemen bertan ekoizteko ahalmena edukitzea», iragarri du. «Etorriko diren pandemiak ekiditeko zer nolako sarea behar dugun pentsatu behar dugu, eta nik neure iritzia emango dut», osatu du.
Etorkizunean birus berriak agertuko direnik ez du dudarik egiten. Koronabirusari dagokionez mutatu egin daiteke eta ezingo litzaioke gaixotasunari aurrea hartu, eta «gure bizi erritmoa aldatu ezean nitxo ekologikoak suntsitzen ari gara eta aldian aldian sustoren bat eramango dugu». Zergatik?, bada «birus askok euren gordailua animalien artean dute. Animalien espazioa hondatzen badugu, gizakiarentzat kaltegarriak diren birus, bakteria eta onddo askok gugana egingo dute jauzi». «Oreka bilatu behar dugu ingurugiroarekin. Itxialdi honek erakutsi digu borondatea badago kutsadurari aurre egin diezaiokegula, eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko edo gutxienez moteltzeko bidea hori dela».
Baikortasun gutxi
Quindos ez da erabat baikorra etorkizunari begira jartzen denean. «2014an ebolaren epidemia etorri zenean zientziaren inguruan eztanda bat egon zen. Zientziaren dibulgazioa hazi egin zen eta gazte askok nahi zuten bio-medikuntzarekin lotutako ikasketak egin. Baina egoerak hobera egin zuenean azkar hoztu zen interesa», oroitu da katedraduna. «Koronabirusa pasako da eta lasaitu egingo gara. Egia esan, lasaitu beharra badugu, baina zientziarekiko interesa ere galdu egingo da». Ekiditeko soluzio errazik ez dago. «Zientziak geroz eta presentzia handiagoa du, eta dibulgazioa ezinbestekoa da», azpimarratu du.
Lemniskata sareak lan eskerga egiten du zientzia herritarrengana hurbiltzeko. «Zientziarekin loturarik ez duen gizarte bat gizarte pobreagoa da. Zientzia esaten dudanean zentzu orokorrean ari naiz: medikuntza, astronomia…». Quindos sinetsita dago dibulgazio lanak ez direla soilik zientzialarien ardura, komunikabideek ere badutela zeregina. «Zientzialarien eta komunikabideen arteko sinergiak behar ditugu herritarrek egiazko informazioa eta zehatza jasotzeko». Quindosek dibulgazioari lotutako geroz eta ekintza gehiago daudela sumatzen du.
Egunerokoa, hankaz gora
Alarma egoerak unibertsitateak eta ikerketa zentroak ere itxi ditu. Hala, Quindos eta bere ikerketa taldea ikerketak egin ezinik dabiltza. «Berriz ere martxa hartzen hasi gara orain, baina geldialdia ez da txantxetakoa izan». Bizitzari dagokionez, berriz, Quindosek halamoduz bizi du egoera. «Gainerakoak bezalaxe etxean egotea egokitu zait. Etxetik lan egiteko aukera izan dut eta ohi baino denbora gehiago izan dugu geldirik genituen artikulu zientifiko batzuk aurrera ateratzeko».
Arturo Elosegi
Datorren ostiralean, gaur zortzi, Arturo Elosegi biologian doktoreak eta EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia saileko katedradunak Euskal Herriko ibaien kontserbazioa hitzaldia eskainiko du. Hitzaldi honekin amaituko da Lemniskata zikloa.