Izal Baik landa garapen batzordea uzteari erantzun dio EH Bilduk
Aurreko astean Izal Bai taldeak Landa Garapen batzordea uzteko erabakia hartu zuen. Udal talde horrek adierazi zuenaren arabera, landa garapenari buruzko informazioa ez zieten helarazten eta ez zituzten erabakietarako kontuan hartzen. Haiekin adostu gabe ingurumen teknikari bat kontratatzea ere egotzi zieten.
EH Bilduk ohar baten bidez erantzun du, eta esan du Landa garapeneko langileak 2019ko urrian agertu zuela lana uzteko asmoa. Horrela, adierazi du ingurumen teknikari hori izango litzatekeela landa garapen gaiak ere landuko lituzkeena: «Herriak dituen beharrei eta baliabideei ondoen egokitzen zaion langile perfila aukeratzea proposatu dugu». EH Bilduk gehitu du landa batzordea uzteko erabakia Izal Bairena izan dela: «Honekin bat etorri ez eta batzordearen ardura uztea Izal Baik egindako aukera izan da, guk errespetatu duguna eta aurrerantzean asumituko duguna».
Ohar bakarra
Halako gaiekin «herriari eta ganaduzaleei onura gutxi» egiten zaiela adierazi du oharrean EH Bilduk: «Izal Bairen eskutitzean irakurritako arrazoi eta zenbait kasutan akusazioak ez ditugu aurrez aurre entzun gaia lantzeko egin ditugun bileretan».
Udal taldeak azaldu du gai honen inguruan aterako duten ohar bakarra izango dela.













