Goierriko Pentsiodunen aldarrikapenak entzun dira gaur Ordiziako plazan
Goierriko Pentsiodunak kalean egin dute protesta, hilabeetako etenaren ondoren. Koronabirusagatik hildakoen senide eta lagunei elkartasuna adierazi eta adinekoen egoitzetan gertatutakoaren aurrean erantzunak eskatu dituzte
Koronabirusagatik ezarritako alarma egoerak, kaleko mobilizazio eta manifestazioak ixildu ditu, ia hiru hilabetez. Gaur, astelehenarekin batera, eta konfinamendua hasi aurrekoari helduz, sekula baino indar gehiagorekin, aldarrikapenak gizarteratzeko eta defendatzeko, elkarretaratzea egin dute Goierriko Pentsiodunek, Ordiziako Plaza Nagusian. Une honetan pentsiodunek bizi duten egoeraren aurrean “haserre” agertu dira, eta hil direnen senitartekoi elkartasuna adierazteko ere baliatu dute gaurko hitzordua, minutu bateko ixilunea eginez. Iragarri dute, hurrengo asteetan ere egingo dituztela elkarretaratzeak. Hilabeteko lehen eta hirugarren astelehenetan Ordizian elkartuko dira, Lazkaon bigarrenean eta Beasainen laugarrenean.
Covid-19aren eraginez Goierriko Pentsiodunek adierazi dute, “gure gizarteak pentsaezina zen erronka bati aurre egin behar izan dio, eguneroko bizimodua errotik aldatu duena”. Dena den, kezkatuta daude, uste dutelako, “gauza batzuk aldatu ez edo gehienentzat okerrera egingo” dutela. Eta jarraitu dute esaten: “Onerako aldatuko ez den arazoetako bat, besteak beste, milaka pentsiodunen probrezia egoera da, gehienetan emakumeena, eta sortu diguten krisi sozioekonomikoari aurre egiteko orduan, kaltetuetako batzuk izaten jarraituko dugu”. Gipuzkoan bakarrik, “ia 4.000 pentsiodun daude, 800 eurotik beherako pentsioekin”. Uste dute, “orain inoiz baino gehiago, pentsiodunen aldarrikapenei ere erantzun bat eman behar dietela gobernu ezberdinek”.
Krisi honekin, “adinekoen egoitzetan zegoen egoera larria egiaztatu da”. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuak ekarri dituzte: “Koronabirusak kutsatuta 167 pertsona hil dira, eta beste asko, koronabirusaren itzalaren susmopean hil dira, eta hildakoen %56 adinekoen egoitzetan hil dira, bakarrik, ingurukoen agurrik gabe”. Hildakoen “senideei eta laguneei, eta haiek zaintzen egon diren langile guztiei, elkartasuna” adierazi diete. Adineko pertsonen egoitzetan bizitako egoera larriaren aurrean, esan dute, “oraindik erne egon eta ezin gara lasaitu, atzemandako gabezia larriak aztertu behar ditugu, berriro pandemiaren gorakada izateko arriskuak desagertu ez direlako”.
Gogora ekarri dute, adineko egoitzetako gatazka: “243 egunetan baino gehiagotan greba egin dute Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek”. Salatu dute, “egoitza horietako lan eta bizi baldintzetan duintasun eza”. Pentsiodunek defendatu dute, adinekoen egoitzek “duintasunez bizitzen jarraitzeko izan behar” dutela, eta gainontzeko herritarren “eskubide berdinak” dituztela. Gertatu dena, “iragarritako drama baten kronika da, non daude errudunak?”. Erantzunak eskatu dituzte, “probreziarekin bukatzeko, osasun, zaintza eta pentsio publiko duinak guztiontzat behar” direlako, “gure bizitza baita lehena”.
Azkenik, pentsio publiko duinak eta etxean, eguneko zentroetan eta adineko egoitzetan lan eta bizi baldintza duinen aldeko defentsa aktiboa egiteko deia egin diete herritar guztiei. Argi dutelako, “mugitu gabe eta protestarik gabe, arazoak ez direla konponduko”.
Jarraian, Ordiziako Plaza Nagusian egin duten elkarreratzearen irudi batzuk: