Kultur egitaraua etxeko artistekin osatu dute Ordizian
Ordiziako Udalak 'Kultura Etxean' egitaraua antolatu du ekainerako. Ordiziako artistek zuzeneko online saioak eskainiko dituzte, astearte eta ostiraletan
Erabateko normaltasunera iristeko oraindik pauso asko falta badira ere, kultur eskaintza hasi da pixkanaka berpizten. Ordiziako Udalak Kultura Etxean egitaraua osatu du; ekainean zehar, bederatzi ekitaldi antolatu dituzte, denak etxeko artistekin eta etxean ikusteko pentxatuta. Astearte eta ostiraletan eskainiko dituzte emanaldi horiek guztiak, iluntzeko 19:00etan, udalaren youtubeko kanalaren bitartez.
Bihar hasiko da egitaraua Mertxe Aizpurua ipuin kontalariarekin. Ostiralean berriz Pello Ramirez musikariaren txanda izango da; cello kontzertua eskainiko du. Patxi Zubizarreta idazleak, Ordiziako Musika Eskolak, Urrup Antzerki Taldeak eta Ortzadar Argazkilari Elkarteak parte hartuko dute. Udaminean, negua 36ko Gerrak Ordizian izandako eragina lantzen duen dokumentala ere eskainiko dute. Ekaineko azkeneko astean, bi bikote ariko dira; batetik, Twin Melody ahizpa ordiziarrak, eta bestetik, Pello eta Sahatsa Ramirez.