Eskuak biguntzen hasiak dira
Pilota txapelketak eten egin zituen koronabirusak eta federazioa iragarri du gazte mailako lehiaketak ez direla itzuliko. Udatik aurrera normaltasunez ekin nahi diete lehiaketei.
Denboraldi bete betean koronabirusak pilota txapelketa guztiak airean utzi zituen. Denbora aurrera doala ikusirik eta lehiari berrekiteko data zehatzik ez dagoela jakitun, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak aurreko astean behin betiko bertan behera uztea erabaki zituen bere esku dauden txapelketak. «Azken unera arte eutsi nahi izan dio federazioak denboraldiarekin jarraitzeko aukerari, eta hainbat proposamen lantzen joan da egunotan; baina COVID-19 dela-eta sortutako egoera eta aurreikuspenak aztertuta, eta denon ongizatea lehenetsiz, bere eskumena diren lurralde mailako federatuen txapelketa guztiak bertan behera uzteko erabakia hartu behar izan du», arrazoitu zuten federaziotik idatzi batean. «Ekaineko lehen astea zen Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioarentzat txapelketak hasteko azken aukera, baina gaur gaurkoz ez dago horretarako bermerik», gaineratu zuten.
Goierriko pilota klubek bat egiten dute hartutako erabakiarekin. Ezinekoa ikusten dute berehalakoan lehiaketetara itzultzea, are gutxiago formakuntza mailetan. «Pilota buruz buruko edo binakako kirola da, baina gu talde bat gara», nabarmendu du Javier Gelbentzu Lapke pilota taldeko arduradunak. «Lazkao eta inguruko herrietako pilotariez gain, Gipuzkoa osoko eta Bizkaiko eta Nafarroako pilotariak ditugu taldean». Ordiziako Txapagain taldean pilotari gehienak gazte mailatakoak dira eta bestela ere ekainean oporrak hartuko lituzketenez, ez dutela itzultzeko asmorik aipatu du Jon Garcia taldeko arduradunak.
Halere, arintze faseko hirugarren etapan kirolari ez profesional baina federatuen jarduna onartuta egongo da, eta Arantxa Tapia Garapen eta Azpiegituretako Sailburuak goi mailako pilota partidak itzuliko direla iragarri zuen atzo, «gureak direlako». Afizionatu mailako iragarrita dauden lehen txapelketak abuztuan Antiguako binakakoa eta irailean Zumarragako Goñi Txapelketa dira. «Ea normaltasun berriarekin betiko legez entrenatzen eta jokatzen has gaitezkeen», desio dute biek.
Lortutako emaitzekin bi ardunadunak gustura daude. Txapagainekoek buruz buruko Gipuzkoako txapelak lortu dituzte kimuen eta infantilen mailetan. «Maila bakoitzean Gipuzkoa osoko ehun pilotari baino gehiago zeuden eta maila altua zegoen. Bi txapel lortzea emaitza ezin hobea da». Binakako txapelketak erdizka utzi behar izan dituzte, eta ez da txapelik banatu.
Txapelketa, airean
Frontoietara noiz itzuliko ez diren zehatz ez dakiten arren, seguru daude itzuliko direla eta lasai daude. Gainera, koronabirusak kalte ekonomiko larririk ez die eragin. «Klub txikia gara eta ez dugu gastu handirik. Lanik gehienak borondatez egiten ditugu», dio Garciak. Gazteak atzetik badatoz: «Kirol eskaintza oso zabala da, baina hori guretzat ez da oztopoa. Esaterako, 2012. urtean jaiotako 20 haur ditugu. Gustura ibiltzen dira eta bidea egiten dute», aipatu du Gelbentzuk. Maiatzean, Lapken ibilitako Iraitz Zubizarreta profesionaletan debuta egitekoa zen, eta Iker Irribarria buruz buruko txapelduna Txapagainen hasi zen pilota munduan.
Txapagainekoek Ordiziako festetan txapelketa antolatzen dute, eta aurten ikusteko dago egingo ote den. «Zail ikusten dut. Zain gaude ea aukerarik egongo den», aitortu du Garciak. Antolaketa lanekin ez dira hasi, egoeraren bilakaera ezagutu nahi dutelako. «Datorren astean hasiko gara biltzen, eta datak gerturatu ahala iragarriko dugu zerbait».