Goierriko alojamenduetan lehen erreserbak
Eskualdeko ostatu, hotel, apartamentu turistiko eta landa etxe edo baserrietan ere hasi da udari begirako mugimendua. Azken asteotan negoziotako turismoarekin bakarrik egin dute lan, eta gelak, orokorrean, %30ean izan dituzte beteta. Orain, aisialdiko turismoarekin hasiko dira, eta alojamendu batzuk, batez ere landa ingurukoek, jaso dituzte udarako lehen erreserbak, egonaldi luzeetarako gainera, batzuk 7-10 egunekoak.
Segurako Ondarre Nekazaritza Turismoan badituzte udarako erreserba batzuk, baina oso gutxi oraindik. Eneko Goiburuk azaldu duenez, «asko entzuten ari da gure etxeak bezalakoak izango direla jendeak udarako hartuko dituenak, txikiak direlako eta landa guneetan daudelako, baina guk oso erreserba gutxi ditugu momentuz, ekainerako batere ez, uztailerako gure eskaintza osoaren %5a bakarrik, eta abuzturako %15a». Denak, hori bai, egonaldi luzeetarako dira, «garbitasuna eta bestelako neurriak direla eta, zenbat eta egun gehiago hartu guretzako hobe».
Ekainerako ez du itxaropen handiegirik Goiburuk, baina uztailean eta abuztuan baserria gehiago beteko zaiolakoan dago. Beste urteetan jendea aurrerapen gehiagorekin ibiltzen dela dio, baina aurten lan kontuak direla, oporrak izango dituzten ala ez edo diru aldetik nola ibiliko diren… dena atzeratzen ari da. Itxaropentsu dago, hala ere, eta «gauzak argitzen direnean» mugimendua hasiko dela uste du.