Igartzako monumentu multzoa eta liburutegia zabalik daude
Agintariek ezarritako osasun eta babes neurriez gain udaleko prebentzio enpresak egindako ikuskapenaren bermearekin zabaldu dituzte ateak
Beasaingo liburutegia eta Igartza Munomentu Multzoa zabalik daude. Segurtasun neurri bereziekin zabaldu dituzte ateak, erabiltzaileen osasuna bermatzeko. Udaleko prebentzio enpresaren ikuskapena gainditu behar izan dute zabaldu ahal izateko.
Liburutegiari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak eta Osalanek liburutegientzako prestatutako protokoloa ezarri da. Hala, liburuak mailegatzeko aukera egon badago baina ezin da ikastera, irakurtzera eta ordenagailuetan ibiltzera joan. Liburu eta ikus entzunezkoen eskaerak aurretik egin behar dira biblioteka@beasain.eus eta biblioteka1@beasain.eus helbideen bitartez. Eskuragai dagoen materiala hemen kontsultatu daiteke. Behin mailegu eskaria egindakoan, liburutegiko arduradunek hitzordua emango diote bezeroari. Menpekotasun kasuetan izan ezik, banaka joan beharko da. Beti musukoarekin eta segurtasun tarteak mantenduta. Liburutegiaren ordutegia astelehenetan 10:00etatik 17:00etara eta asteartetik ostiralera 09:00etatik 14:30era da.
Igartza Monumentu Multzoan bisita gidatuen zerbitzua berriz ere martxan dago. Udako ordutegiarekin ari dira lanean: Asteazkenetik igandera: 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Egunean zehar 11:30ean, 13:00etan, 16:30ean eta 18:00etan bisita gidatuak eskainiko dira egunero talde txikietan. Ibilbidea egokitu egin dute bisita taldeak elkartu ez daitezen eta une oro segurtasun neurriak bete daitezen.