Karkabaren itzalean, altxorra
Ander Nazabal ordiziarrak, aurkikuntza interesgarria egin du Ordizian Amonane taberna eta udaletxe atzeko karkaban. Kareharrizko bi pieza dira eta lehen hipotesien arabera, XVIII. mendekoak izan daitezke.
Ander Nazabal ordiziar gaztea, Ingeniaritza mekanikoa ikasten ari da, baina historia ere oso gustuko du. Konfinamendu garaian jokatu zen Ordizia Erronka lehiaketaren irabazlea da. Eta orain, herrian bertan egin duen aurkintza batekin dator.
Ordiziako herrigunean hiru karkaba mantentzen dira: «Bat, Sujetoenea etxearen atzean; beste bat, Etxetxo eta Sugaar tabernen atzean; eta hirugarrena, Amonane tabernaren atzean». Nazabalek berak argitu du «etxe artean gelditzen den kalexka» dela karkaba. «Erdi Aroan kale moduan erabiltzen ziren, gaur gaurkoz, etxeen arteko patio modukoak dira».
Horietako bat bisitatzeko interesa zuen aspalditik, eta Amonane tabernaren atzekoan sartzea lortu zuen: «Karkaba hori, udalarena da, beraz, osabaren laguntzarekin, bertara sartzeko baimena eskatu nuen udaletxean». 2018an izan zen hori. Baimena eskuratu eta udaltzain baten laguntzarekin sartu ziren.
Karbaban begira ari zirela zerbait ikusi zuen: «Bazter batean, arreta eman zidan kareharrizko elementu bat ikusi nuen. Momentu horretan ez nekien ez zer zen, ezta zein funtzio izan zezakeen, baina duen formagatik arreta eman zidan». Berehala pentsatu zuen «objektu oso zaharra» izan zitekeela eta «argazki bat egin» zion.
Bila jarraitu eta bigarren elementu bat aurkitu zuen: «Konturatu nintzen elementu berdina zela, bitan puskatuta». Bigarrenari ere argazkia atera zion.
Bisitaren ondoren, aurkitutakoa zer izan zitekeen ikertzen hasi eta kontatu du, «hasieran, nondik hasi ere ez» zekiela. Lehen hipotesia zen, «ura edo likido bat jasotzeko zerbait» izan zitekeela.
Denborak aurrera egin ahala, «familiako batek Logroñora joan zen bidaian eta museo batean antzeko pieza bat ikusi zuen. Informazioan jartzen zuen, olioa eta ardoa egiterakoan, bai olibak, bai mahatsa zukutzen zenean, zukua biltzeko tramankulu baten zati bat zela».
Hipotesiak berresten
Ia bi urteren ondoren, «konfinamendu garaian, kalera atera eta Kale Nagusia 30. zenbakian obretan ari zirela ikusi eta etxe horren atzean aurkitutako harrizko piezekin gogoratu» zen. Elementuak obraren hondakinen azpian galduko ote ziren kezkatzen zuen. Ezertan hasi aurretik Gure Iraganako Nerea Iraola eta David Canorekin kontrastatu zuen informazioa, «Ordiziaren historia ederki asko ezagutzen baitute». Argazkiak ikusi eta segituan konturatu ziren esku artean zuen aurkikuntzak «balio handia» zuela.
Datazio hipotesi bat ere jarri zuen mahai gainean: «XVIII. mendekoa izan daitekeela esan zidan, eskuz landua baita eta posible dela Ordiziako tabernaren baten erabilitakoa izatea».
Momentura arte jasotako datu guztiekin, karkabara sartzeko eskaera egin zuen udaletxean. Piezek hor jarraitzen dutela baieztatu nahi zuen eta bai, hantxe jarraitzen dute nahiz eta horietako bat, obren hondakinek tapatu duten. Udalak piezak babesteko konpromisoa hartu du, eta obrak amaitzean, udal langileek jasoko dituztela.
Ondoren, asmoa da, D’Elikatuz zentroan bisitari guztientzat ikusgai jartzea. D’Elikatuzen ere, pozik hartu dute albistea.
Gainera, aurreratu du, «gauza gehiago ere aurkitu» dituela, baina ezin duela gehiago kontatu.