Larunbatean azoka berezia egingo dute Beasainen
Hileko lehen larunbateko bertako produktuen azoka itzuliko da, babes eta segurtasun neurriekin. Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa egingo da erosleen artean
Koronabirusak hala behartuta martxoaz geroztik, hileko lehen larunbateko azokarik ez da egin Beasainen, baina larunbatean, ekainaren 6an, izango da berriz ere, garaian garaiko bertako produktuak erosteko aukera, 10:00etatik 14:00etara, Loinazko San Martin plazan. “Segurtasun eta babes neurriak hartuta burutuko da, hala nola maskara, pertsonen arteko distantzia eta higiene arauak bete beharko dira”.
Udako produktuak izango dira protagonista, besteak beste, tomatea. Honetaz gain, larunbat goizean Loinazko San Martin plazara gerturatzen direnek beste hainbat produktu erosteko aukera ere izango dute: eztia, barazkiak, loreak, txerrikia, haziak, ogia, gozoak, gazta, eta artisautza produktuak. Hori bai, larunbatean ez da tailer didaktikorik eta trikitilarien musikarik egongo. Ohi bezala, 13:30ean azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa egingo da azokan erosketak egindakoen artean.