Uzta jasotzeko garaia
Goierriko taldeek emaitza bikainekin itxi zuten denboraldia, duela 15 urte. Ayma Ordizia eta Goierri Verkol mailaz igo ziren, eta Agip Urolak Gipuzkoako Kopa irabazi zuen. Ikasturte amaiera izanik, Goierriko txoko askotan antolatu ziren kontzertuak eta erakusketak.
Ekainean, udako oporren atarian, ziklo bat ixten da. Ikasturtean zehar landutakoa erakusteko garaia izaten da, eta musika eskolek, dantza taldeek, kultur elkarteek… emanaldiak eta erakusketak antolatu zituzten Goierriko areto ugaritan.
Kirol taldeek ere denboraldian zehar egindako esfortzuaren ordaina jaso zuten duela hamabost urteko ekain fresko hartan. Agip Urola eskubaloi taldeak Gipuzkoako Kopa irabazi zuen, Goierri Verkol saskibaloi taldea mailaz igo zen eta Ayma Ordizia errugbi taldeak Ohorezko Mailan jokatzeko txartela lortu zuen. Joanes Aierbe garaiko kapitainak aitortu zuen erronka zaila izango zela gorengo mailan lehiatzea, baina oraindik ere punta-puntan jarraitzen dute.
Zegama-Aizkorri mendi maratoiko laugarren edizioa ere jokatu zen, eta Rob Jebb eta Corinne Favre izan ziren azkarrenak. Jebbek, gainera, garaiko marka berria ezarri zuen 3:54:18ko denborarekin. Egun, ia bederatzi minutu hobea da probako errekorra.
Euskararen erabilerak, behera
XXI. mende hasieran ere euskara kezka iturri zen. Nahiz eta ezagutzak gora egin, kalean geroz eta euskara gutxiago entzuten zen. Hala ondorioztatu zuten, esaterako, Ordizian eta Ormaiztegin egindako herri diagnostikoetan. Ormaiztegin euskararen ezagutza ia %90ekoa zen, eta herritarren %75a euskaraz alfabetatuta zegoen.
Herri diagnostikoek, era berean, erakutsi zuten goierritar bakoitzak egunean kilo bat hondakin sortzen zuela, eta soilik laurden bat birziklatzen zela. 2019ko datuen arabera, goierritar bakoitzak egunean 0,85 kilo hondakin sortu zituen eta hiru laurden birziklatu egin ziren, bataz beste.