Zimenduek eusteko zain
Eraikuntzaren sektoreak oraingoz eutsi dio beheraldiari. Lehendikako lanekin iraun du geraldian, beti ere baserrietan eta sarrera zuzeneko obretan. Zalantzaz beteta dakusate etorkizuna sektorean.
Gainerako jarduera ekonomiko eta industrialek bezala, eraikuntzarenak ere gora-beherazko hilabeteak daramatza, martxotik gaurdaino. Erabateko geldialdian soilik utzi dituzte enpresa gehienek lanak, martxoaren 31tik apirilaren 9ra bitarteko konfinamendu gordinenean, esate baterako. Baina zenbait eremutan lanik egin ezinak bizilagunen komunitateetan eta gune komunetan, adibidez, asko murriztu du jarduera.
Goierriko eraikuntza enpresetan, oro har, mantendu ahal izan dute lana. Erritmoa jaitsita, hori bai. Erabateko geldialdian, 50.000 langile zebiltzan eraikuntzaren sektorean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
2019ko egoera kementsuaren inertzian dago oraindik eraikuntza, Covid-19ak gaixotutako ekonomian. Eraikuntzara dedikatutako enpresak txikiak dira gehienak Goierrin, familiakoak asko. Neurriak, eta bertako lan-moten izaerak salbatu dute, oraingoz.
«Lanean aritu gara, apirilaren 8ra arteko astebete hori eta Aste Santuko egunak kenduta. Baserrietan eta banakako etxeetako lanekin nola suertatu garen, lanean aritu ahal izan dugu», azaldu du Legazpiko Urrate enpresako Asun Urratek.
Enpresa txikia da haiena, zazpi langilekoa. «Gehienok etxekoak gara, eta erregimen orokorrean gaude. Beraz, karga handirik ez daukagu. Momentuz ondo gaude. Lanak ere, kasualitatez, baserriak eta etxe bakarrekoak izan dira. Aukerarik izan ez duguna da pisuetan, komunitateetan eta herri barruan lan egiteko», gehitu du Urratek.
Langileek segurtasun neurri gehigarriak hartu behar izan dituzte, Covid-19aren kutsadura saihesteko: ibilgailu banatan joan, maskara, eskularru eta gel garbikariak erabili… «Nahiko ongi», aitortu du Asun Urratek.
Kontratu gehiago egiten
Oro har, geldialdia orokorra nola izan den, hein batean lanak utzitako lekuan hartzea izan da, kasu askotan, egiteko bakarra. «Ondo samar tokatu zaigu, izan den egoera ikusita», azaldu dute Beasaingo Bai Reformas enpresakoek ere. «Martxan zeuden obrak langileak joan zitezkeenak ziren. Baserri bat, etxe adosatu bat, sarrera independentea zeukan bizitza bat, edo eraikuntza guztia obran zegoen hiru etxebizitzako multzoa. Lana aurreratu zitekeen; beraz, lanera joan ahal izan dugu bi hilabete eta erdi hauetan. Zortea eduki dugu», dio Bai Reformaseko Nagorek.
Zeren «zorte» kontua ere bai baita, lan egin ahal izatearen eta gelditu beharraren arteko koska. «Horrelako obrarik eduki ezean esku artean, geldirik egon beharra izango genuen. Baina ez da gure kasua izan».
Lehendik ereindako uztan ari da orain. Ikuskizun dagoena da, hazi berririk aterako den berriro soroa martxan jartzeko. Badirudi baietz.Kontratu berriak pixkanaka ixten ari dira eraikuntza enpresak, nahiz eta horietatik zati bat koronabirusaren aurretik ideiatutakoak edo hitz eginak diren. Egoera berrian, proiektu berririk hasteko adorerik geratzen den ikusi behar.
«Aurrera segitzeko badago pultsua. Egoera aldatu daiteke, baina oraingoz eusteko moduan gara», diote Bai Reformasen. «Gaur, ondo gaude; bihar, ezin dizut esan. Kezka hori badago. Egunean egunekoarekin jarraitzen dugu, lanak egin eta kobratzen ditugu», dio Urratek.
Hazkunde ekonomikoaren bultzagile nagusia2008ko krisia lehertu aurretiko eraginetik urruti, baina eraikuntzak jarduera ekonomikoaren eragile nagusi papera berreskuratua zuen, koronabirusaen etenaldia gertatu aurretik. EAEn hazkunde ekonomikoa %2,2koa izan zen 2019. urtean; desazelerazioaren sintomak nabaritzen hasiak ziren jada adituak. Batetik, hazkundea 2018an baino txikiagoa izan zelako, artean hazkunde izaten jarraitzen zuen arrean. Duela bi urte %3ko hazkundea izan zen.
Bestetik, kontsumo pribatua, barne eskaria eta inbertsioa moteldu zirelako. Atzerriko ekarpenak ere pisua galdu zuen, Alemaniaren egoeragatik, batik bat. Lan merkatua ere apaldu zen iaz. Sektore publikoaren kontsumoak geratu zuen beherakada. Eraikuntza izan zen 2019an sektore indartsuena, industriaren makaltze orokorraren aurrean sendoen eutsi ziona.