Aseguru etxeak, nahiko seguru
Jendeak diru sarrera gutxiago edukitzeak aseguru etxeei ere kalte egiten die, baina Goierriko aseguru bulegoetako arduradunek ez dute uste koronabirusak eragindako krisiak beraien sektorea bereziki gogor joko duenik.
Aseguru etxeena funtsezko jarduera da eta ez zioten lan egiteari utzi alarma egoera ezarri zenean. Azken hilabeteetan aseguru gutxi egin dituzte eta jende askok polizen prezioa errebisatu nahi du, baina ez dute uste krisiak beraien sektorea bereziki kolpatuko duenik.
Liberty aseguru etxeko Gerardo Telleriak etxetik lan egin zuen lehen asteetan. «Lehen asteetan une batzuetan bulegora etorri ginen eta beste batzuetan etxetik lan egin genuen. Lan asko egin genuen, atzeratutako lana genuelako. Bulegora ez zen ia inor etorri. Lan erregulazio espediente asko egon direnez, jende askok aseguruaren berritzea atzeratzeko eskatu zigun. Aseguru etxeek ordainketa atzeratzea onartu dute», aipatu du Telleriak.
Geroz eta jende gehiago hurbiltzen da bulegora, baina ez koronabirusa azaldu aurretik bezainbeste. «Konfinamendu garaian orain baino aseguru gehiago egin genituen. Beharbada, jendea etxean zegoelako eta halako zereginetarako denbora gehiago zuelako».
Azken hilabeteetan ohi baino askoz ere ezbehar gutxiago egon da. «Autoa ohi baino askoz ere gutxiago erabili dugu eta etxeetan ere ez da ezbeharrik egon, zorionez».
Krisiak bere sektorea ere kolpatuko duela uste du, baina baikor ageri da. «Jendeak diru gutxiago edukiko duenez, gutxiago gastatuko du. Enpresa txiki batzuk itxi egingo dira. Hau kate bat da, eta, beraz, gu ere kolpatuko gaitu. Kezkatuta gaude. Ea zer gertatzen den datorren hilabeteetan. Jendea langabezian gelditzen bada ezin du autoa mantendu, auto gutxi saltzen ari dira… Eta auto aseguruak diru iturri oso garrantzitsua dira guretzat. Zorionez, Goierriko enpresak indartsuak dira. Bulegoak Ordizian eta Zumaian ditugu eta Zumaiako ere egoera ona da».
Aritz Lasa MGS konpainiaren Urretxuko bulegoko arduraduna da. Bera ere telelana egitera ohitu behar izan da, nahiz eta aurrez aurre lan egitea nahiago duen. Lehen asteetan jaso zituen deien artean, negozioak itxi behar izan zituztenenak zeuden. «Aseguru etxeek ez dituzte pandemiak eragindako kalteak bere gain hartzen, baina polizak ordaintzeko erraztasunak eman ditugu».
Baja ordaindu
Horretaz gain, MGS aseguru etxeak koronabirusa hartu duten bezero batzuei laneko baja ordaindu die. «Poliza batzuetan gaixotasun baja gure gain hartzen dugu. Pandemiak ez daude hor jasota, baina konpainiak salbuespena egin du egoera berezia delako».
Beharbada, etorkizunean aseguru etxeek pandemiak jaso beharko dituzte beraien polizetan. «Mundu honetan ere aldaketak ematen dira. Gure konpainiak zibersegurtasuna jasotzen duen poliza berri bat du, adibidez. Azken hilabeteotan etxetik lan egin dugu, etxeko ordenagailuek lanekoek baino babes txikiagoa dute eta eraso gehiago egon dira».
Bulegoa ireki zutenetik, nahiko lasai dabiltzala dio. «Batzuk autoak geldirik eduki dituztelako arazoak izan dituzte, baina bulegoa ireki ondorengo lehen asteak, orokorrean, lasai samarrak izan dira. Azken egunetan mugimendu gehiago dago. Jende gehiago ari da hurbiltzen bulegora. Ezbeharrak tramitatzen ari gara, batez ere. Jendea etxean egon denez, etxetresnekin lotutako arazoak egon dira. Auto istripuak, berriz, apenas egon dira. Jendeak autoan pasa ez duen denbora etxean pasa du».
Etorkizuna
Etorkizunari begira, ez du uste krisiak oso gogor kolpatuko dituenik. «Beherakada nabarituko dugu, noski, baina aseguruak beharrezkoak dira: bizitza asegurua, etxekoa, autoarena… Bezeroei eustea zailagoa izango da, eskaintza onak egin beharko ditugu, lehiakortasuna hazi egingo da… baina ez nago bereziki kezkatuta. Bestalde, telelana gelditzeko etorri dela diote. Ohitu egin beharko gara, baina zuzeneko tratua mantentzea garrantzitsua dela uste dut», amaitu du Lasak.