Etena ez ote duen eragingo
Urola Eskubaloiak lehen aldiz senior emakumezkoen taldea atera du denboraldi honetan, eta Ormaiztegi Kirol Elkarteak ere lehendabizikoz kantxaratu du emakume talde bat. La Salle Legazpi izan da Goierriko talderik onena bi mailetan.
Eskubaloia indarra hartzen ari den kirola da, Goierrin federatu gehiago baitaude denboralditik denboraldira. Hein handi batean geroz eta emakume gehiagok jokatzen dutelako: Urola Eskubaloiak aurten atera du lehendabizikoz senior emakumeen taldea eta Ormaiztegi Kirol Elkarteak ere estreinakoz izan du emakumez osatutako talde bat. Kasu honetan, kadete mailan. Koronabirusak, ordea, eten egin dezake bilakaera, ez baitago argi datorren denboraldia nola hasiko den. Zalantzati daude arduradunak.
«Eskubaloia kontaktu askoko kirola izanik arrisku handiko kirola da», zehaztu du Iñigo Cantero Urola Eskubaloiko arduradunak. «Neurriak har ditzakegu, baina ezin bagara elkar ukitu ez da eskubaloia izango», gaineratu du. Manuel Mugerza La Salle Legazpi taldeko entrenatzaileak bat egiten du. «Gurasoak ez ote diren beldurtuko kezkatzen nau. Arriskutsua dela iruditzen bazaie utziko die haurrei eskubaloian jokatzen? Jarraipena eten daiteke», hausnartu du.
Iñaki Apaolaza Ormaiztegi Kirol Elkarteko arduradunak beste arazo bat gehitu du, kiroldegien erabilera: «Kiroldegiak denonak dira. Ikusi egin beharko da noiz eta zein baldintzetan zabaltzen dituzten. Taldeak egokitu egin beharko gara».
Lanean jarraitzen dute
Hiru klubak, baina, hasi dira datorren denboraldia prestatzen. Taldeak osatu, entrenatzaileak egokitu, gastuak aurreikusi… «Iraila hilabete zaila izaten da. Material berria erosi behar da eta fitxak egin. Gastu handiak izaten ditugu eta udaletxeak eta inguruko enpresa txikiek laguntzen gaituzte. Ea beraien egoera ere nolakoa den», azpimarratu du Apaolazak.
Denboraldia erdizka amaitu zenez Mugerzak jokalariak eskubaloi gogoarekin sentitzen ditu. «Ea uztailean denak elkartu eta denboraldiari amaiera polit bat eman diezaiokegun». Canterok ere aipatu du Urolan jokalarien gehiengoak jarraitu egingo duela, tartean nesken lehen taldeak: «Berri ona da. Emaitzak baino gehiago talde honen erronka jarraipena ematea zen». Ormaiztegin ere nesken talde egongo da datorren denboraldian.
Kirol ikuspegitik legazpiarrak izan dira Goierriko talderik onena gizonezkoen eta emakumezkoen senior mailan. Gizonezkoetan, esaterako, igoera esku eskura izan dute: «Lehen itzulia oso ona egin genuen. Gabonetatik martxora gehiago kosta zitzaigun eta bigarren postura erori ginen. Azkenean ez gara igoko, baina agian hobeto», dio Mugerzak. «Ez gara profesionalak eta eskubaloitik ateratzen duguna lagunak eta oroitzapenak dira. Politagoa zatekeen kantxan igotzea denen aurka jokatuta eta denok elkarrekin ospatzea», arrazoitu du.
Canterok ere onartu du Urolak pozik amaitu duela denboraldiarekin. Gizonezkoen lehen taldea sailkapenaren erdi aldean ibili da denboraldi osoan eta gaztetxoen artean ere izan dira garaipen gogoangarriak. «Gutxi falta zen denboraldia amaitzeko eta pena da horrela utzi behar izatea. Baina ez zegoen besterik». Ormaiztegin ere balekotzat ematen dute denboraldia. «Gure talde guztiak mantendu egin dira eta gustura gaude. Lehen taldean aldaketa asko izan genituen eta hastea kosta egin zitzaigun baina egoerari buelta ematea lortu genuen eta horrekin geratzen gara».