Festak, kirola eta kultura
Zumarragan Santa Isabel festetara begira jarriak ziren, Epsilon Euskadi taldeko arduradunak Beasainen izan ziren bisitan. Patxi Zubizarreta idazle ordiziarra garai oparoan zen. Eta lau aizkolari goierritar ari ziren Gipuzkoako txapelketa jokatzen.
Jaiak, kirol ekitaldiak, kultura eta igerilekuen irekiera izan ziren gaur duela 15 urte,GOIERRIKO HITZA egunkariak egun horretan azalera eraman zituen gaiak. Argazki nagusia, Epsilon Euskadik Zumarragara egindako bisita iragarri zuen.
Joan Villadelprat, Michel Le-comte eta Carlos Molla Epsilon Euskadi enpresako arduradunak Zumarragan izan ziren, Santa Isabel festen barruan, uztailaren 1ean, lasterketako autoen erakustaldirako lekua eta azpiegitura ikusten.
Bestalde, Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrari egindako elkarrizketa argitaratu zen. Egunkaria argitaratu zen egun berean aurkeztu zuen Zazpigarrena eta azkena liburua. Idazlearen arabera, «ustekabean» jaiotako lana. Bezperan, berriz, Donostian Liburu gaztea saria jaso zuen Karpeta morea lanarengatik. Horrez gain, hainbat ikuskizunetan ere ari zen parte hartzen, Poxpolo kaxa bat bezala liburuarekin. Hori guztia ere jaso zuen HITZAk 2005eko ekainaren 10ean.
Asteburuan, Ibarran jokatu zen Gipuzkoako Aizkolari txapelketa, bigarren mailan. Goierriko lau aizkolarikparte hartuko zutela iragarri zuen egunkariak, Iñaki Aierbe ataundarrak, Jabier Aranberri zumarragarrak, Jose Mari Esnaola zegamarrak eta Jesus Mari Lasa legorretarrak.
Uda gainean, Urretxuko Pagoetako igerilekua ateak irekitzeko prest zen. Erabiltzaileentzat interesgarri izan zitekeen informazio guztia eman zen.
Azalera eraman ez bazen ere, ez zen garrantzia gutxiagoko gaia izan, adibidez, Zerainen egin zen Reflect partaidetza ekintzako mundu mailako topaketa. Gainera, Beasaingo Murumendi ikastetxeak, 25 urteko ibilbidea jasotzen zuen liburua kaleratu zuen.