Foru Funtsaren murrizketari irtenbide adostu bat ematea onartu du udalak aho batez
Ordizia Orainek aurkeztu eta aho batez onartutako proposamenak COVID-19aren krisiak eragin dezakeen eragin fiskalari erantzun adostua eskatzen du. Alkateak kezka agertu du krisiak izan lezakeen eraginagatik
Ordiziako udal ordezkariek, udalbatza egin zuten iragan ostegunean, era telematikoan. Adur Ezenarro alkateak udalbatza hasi eta aurreratu zuen, datorren hilabetetik aurrera udaletxeko aretoan biltzeko moduan egongo direla osasun krisiak bide onetik eboluzionatzen badu behintzat.
Eguneko gai ordenari dagokionez, mahai gainean jarri zituzten gaiak banan-banan guztiak onartu zituzten. Besteak beste, Covid 19aren ondorioei aurre egiteko neurriei dagozkien kreditu gehigarriak, Ordiziako establezimenduei bultzada emateko bi bonu sistemak bideratzeko, alegia. Aho batez onartu zuten.
Murrizketei irtenbideak
Bestalde, foru funtsaren murrizketa onartzen duen maiatzaren 12ko 3/2020 Foru Dekretu-Araua dela eta eskaera bat aurkeztu zuen Ordizia Orainek. Dekretu-Arau horren bidez, Udal Finantzaketarako Foru Funtsa Covid 19aren pandemiaren ondorioz izandako osasun, gizarte eta ekonomia krisiak sortutako diru bilketaren beherakadara egokitzen da (%20 eta %25 artekoa izan dela estimatzen da).
Ordizia Orainek udalbatzan aurkeztutako eskaerak honela dio: «Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da erakundeen arteko elkarrizketa, pandemia horri modu koordinatu eta eraginkorrean erantzuteko. Elkarlana inoiz baino beharrezkoagoa dela uste dugun neurrian, Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseilua udalekin batera gobernantza-foro bihurtu behar da».
Horregatik, ondorengo eskaerak egin dituzte: Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzea «lurralde historiko honetan elkarrizketa instituzional bat ireki dezala» foru aldundiaren eta udalen artean, «COVID-19ko krisiak eragin dezakeen eragin fiskalari erantzun adostuak» eman diezazkion. «Elkarrizketa, erantzun adostuak emango dituena, eta koordinazioa, lurraldeko erakunde esparruetatik krisiari erantzuna emango dioten ekimen eta planetan. Foroak Finantzen Lurralde Kontseilua bera edo horretarako sortutako mahai bat izan beharko luke».
Gainera, mahai horretan informazioa partekatzeko eskatzea, proposamenak aztertzea eta gero Gipuzkoako udalen finantzaketari buruzko Foru Arauan beharrezko isla izango duten adostasunak lortzea.
Udalaren sarreretan eragina
Adur Ezenarro alkateak hitza hartu zuen ondoren eta Foru Funtsaren murrizketak udalaren ekonomian izango duen eragina dela eta, kezka agertu zuen: «Udalaren diru sarreretan eragina izango du murrizketak, horren aurrean, nolabaiteko irtenbidea edo laguntza lerro bat bilatu beharko da. Orain foru aldundiari erabaki horri buelta nola eman dakiokeen eskatzeko unea da».
Ordizia Orainen proposamena, aho batez onartu zuten.