Maddalen Iriartek laguntza errealak eta merkataritzaren defentsa aktiboa defendatu ditu Ordizian gaur
Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea, Goierriko hainbat alkaterekin egon da gaur Ordizian. Koronabirusaren pandemiak eskualdean izan duen eragina bertatik bertara ezagutu du.
Ordizian izan da, gaur, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea, eta Goierriko hainbat alkaterekin elkartu da, koronabirusaren pandemiak eskualdean izan dituen eraginak, bertatik bertara ezagutzeko.
Esan du, «oraindik pandemia gainditu ez dugun honetan, egoera zein den ezagutu eta oraindik ere hainbat neurri sozio-sanitario hartu beharko» direla. Konfinamendu garaia, hausnarketarako baliatu du EH Bilduk. Iriartek horrela esan du: «EH Bildun oso harrituta gelditu ginen Urkulluren gobernuak erabaki zuenean azokak ixtea, eta zorionez, baserritarren eta herriaren indarrez lortu zuten berriz ere azokak irekitzea». Uste du, «erabaki horren atzean badagoela eredu bati bultzada eman nahia», eta argi dauka «etxekoa, gertukoa zaindu behar» dela, «zero kilometroan egiten dena».
Ordiziara bisitan, azokatik bueltatxoa ere egin du Iriartek. «Baserritarren lana astelehenetik igandera eta ordu askokoa da, oporrik gabekoa, eta gure ustez, bizi dugun egoera honetan, krisi klimatikoaz hitz egiten ari garen honetan, egoera hau irauli behar dugun honetan, zutabe oso-oso garrantzitsua da lehen sektorea».
Gainera, dendari txikiekin egoteko aukera ere izan du, «haiek ere oso kaltetuak izan dira”. Gogoratu du, sektoreari laguntzeko, “EH Bildutik, legebiltzarrean proposamen desberdinak” egin dituztela, “momentuan behar zuten erantzun bat emateko”. Bestalde, Ordiziako udalak herriko merkataritza sustatzeko abiarazi duen bonu sistema aipatu du. Uste du, horrelako laguntzekin “lortuko dutela” eta gainera, “herritarrak kontzientzia berri batekin daude, bertakoa kontsumitu behar dela alegia, denda txikiek herriari bizia ematen diotelako”.
Autonomoekin ere gogoratu da Iriarte. “Langabeziaren datuek erakutsi dute, krisi honetan kaltetuenetakoak izan” direla. “Legebiltzarrean premiazko laguntzak ematea proposatu genuen pandemiaren hasiera.-hasieratik, etorkizun bat garatzeko aukera emateko haiei”. Gai horri dagokionez, azpimarratu du, “marketing asko” dagoela, eta orain, “herritarrei benetako laguntzak emateko unea” dela.
Goierrira egindako bisitatik daraman argazkia, ondorengoa da: “EH Bilduk gobernatzen duen udaletan hasiera-hasieratik egin ditugula gauzak jendeari erantzun bat emateko, eta jendearen kezkak erantzuteko, eta horretarako, eragile guztiekin hitz egin dugu. Izan ere, iruditzen zait,guztien artean hartutako erabakiak, jendartean askoz ere egokiago hartzen direla”.