Ordiziako Herri Antzokiak ostiralean ekingo die zinema emanaldiei
Alarma egoerari egokitutako segurtasun neurriekin zabalduko dute Ordiziako Herri Antzokia. Ostiraletik aurrera, astero filme bat eskainiko dute, ohiko egunez gain, saio berriak ere antolatuta.
Zinema bueltan da Ordizian. Hiru hilabeteko etenaren ondoren, Herri Antzokiak ostiralean zabalduko ditu ateak. Astero film emanaldi bat eskainiko dute, eguneko saio bat eginez; asteburuetan ez ezik, astean zehar ere antolatu dituzte emanaldiak. Asteburu honetarako, Jojo Rabbit filma aukeratu dute; ostiraletik hurrengo asteko ostegunera arte, egunero izango dira saioak (ordutegia behean).
Covid-19a dela eta, neurri bereziekin hasiko dira martxan, ikusleen segurtasuna bermatzeko. Sarrera guztiak zenbakiekin izango dira, distantziak mantentzeko. Antzokira sartzerakoan eskuak garbitu beharko dira; horretarako, gel hidroalkoholikoa jarriko dute sarreran. Zine barruan, maskara jantzita egon beharko da. Komun bakarra zabalduko dute, eta banaka joan beharko da.
Urteko bonoa dutenek, urtea bukatu arte, abenduaren 31ra arte erabili ahal izango dute.