Udaleku irekiak egingo dituzte Zegaman uztailean
Uztailaren 6tik 30era egingo dituzte udaleku irekiak Zegaman. Segurtasun neurriak direla eta, 10 laguneko taldeetan ariko dira. Nerabeentzako eskaintza ere prestatzen ari da udala.
Zegamako Udalak udaleku irekiak antolatu ditu uztailaren 6tik 30era. Astelehenetik ostiralera izango dira, 10:00etatik 13:00etara, 4 eta 11 urte bitartekoentzako. Covid-19ak eragindako egoera dela eta, aurtengo udalekuak “ezberdinak” izango direla azaldu dute, segurtasun neurriak bermatzeko, 10 laguneko taldeak egingo baitituzte, elkarren artean nahastu gabe. Eguraldiak uzten duen bitartean, kanpoko ekintzak egingo dituzte. Segurtasun tarteak mantendu ezin direnean, maskara erabili beharko dute umeek.
Izena emateko epa ekainaren 12ra artekoa da, eta matrikulak 55 euroko kostua izango du. Interesdunek liburutegian eman beharko dute izena, goizez 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 18:30etik 20:30era. Epez kanpokorik ez da onartuko.
Bestalde, nerabeekin ere biltzeko asmoa du udalak, udarako haiei begirako eskaintza antolatzeko. Udaleko gazteria suspertzailea jarriko da haiekin harremanetan. Ekintza horiek 12-18 urte arteko gaztetxoei zuzendutakoak izango dira, eta uztailean zehar egingo dituzte.