'Zero paper' helburua lortzeko plana onartu du Idiazabalgo Udalak
Hemendik aurrera ere izapidetzeak elektronikoki egitea lortu nahi dute. Irailetik aurrera, esaterako, dekretuak elektronikoki bideratuko dituzte bakarrik
Telelana eta harreman telematikoak izan dira osasun krisiak izandako ezaugarrietako batzuk. Idiazabalgo Udalak Zero Paper plana jarri du martxan, prozedura elektronikoa hemendik aurrera ere ohikoa izatea lortzeko. Paper gutxiago erabiltzea ere badute helburu: «Paperik gabeko administrazioa, gardenagoa eta arinagoa». Idiazabalgo Udaleko Ogasun. Langileria eta Kontuen Batzordeak maiatzaren 27an egindako ezohiko bileran onartu zuen Zero Paper plana aurrera eramateko urratsak ematea. Sistema horren bidez, udal erregistroko erabiltzaileek etxean zein udaletxean digitalki sinatzeko aukera izango lukete.
Horrela, mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat sinadura etxera eramatea aztertzen ari da Idiazabalgo Udala. Prozedurak espediente elektronikoak eskuratzeko eta dokumentu bat izapidetzeko aukera ere ematen duela azaldu du udalak.
Duela hiru urte
2016an hasi zen Idiazabalgo Udala zero paper helburura iristeko plana ontzen. Erregistro elektronikoa edo kontratazio elektronikoa egiteko sistemak jarri zituzten abian. Aurten, berriz, zerga alorreko zerbitzua berrituko dute: hirigintza eta ingurumen zerbitzuetako izapideei erantzuna emateko denbora murriztu nahi dute, eta kultura, kirola eta hezkuntza zerbitzuen erabiltzaileei elektronikoki izena emateko eta tasak ordaintzeko aukera eman nahi diete.
Udalak adierazitakoaren arabera, herritarrek eskaerak etxetik ikusi ditzakete sistema berriarekin, eta espedienteak modu ordenatuagoan gordetzeko aukera ere eskaini die. Irailetik aurrera, dekretuak elektronikoki izapidetuko dituzte soilik, eta sistema informatikoak bideratuko ditu zenbakiak; era horretan, zenbakietan akatsik ez egotea ahalbidetuko dute.
Egindako inbertsioa
Prozedura elektroniko guztiak abiarazteko hainbat inbertsio egin ditu udalak. 2019an ordenagailu berriak jarri zituen bi udal taldeentzako; 3.400 euroko inbertsioa izan zen. Aurreko urtetik hona 10.890 euroko inbertsioa egin dute zerbitzaria eta ordenagailuak berritzeko.
Zero paper helburura iristeko planaren bitartez, herritarren partaidetza bultzatu nahi dute. Urriaren 2tik aurrera, gainera, pertsona juridiko guztiek prozedura guztiak elektronikoki egin beharko dituzte.