Agauntza errekako lau presa txiki botako ditu aldundiak, Lazkao parean
Ibaia iragazkortzeko helburuarekin kenduko dituzte metro bete inguruko altuerako hormatxoak. San Prudentzio eskolapean, Areson eta San Inazion eraitsiko dituzte, bat partzialki soilik
Ibaien ibilguak naturaltzeko, arrainen mugimenduak errazteko eta erreka iragazkortzeko helburuarekin, Lazkaoko kale paretik igarotzen den Agauntza errekan lau presa txiki eraitsiko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Metro batetik bira bitarteko altuera dute hormek. Bat izan ezik, erabat botako dituzte.
San Prudentzio eskolaren barrenean daude bi horma. Sustraitz errekastoak Agauntzara isurtzen duen tokian, Domarda deritzon bihurgunean dago lehenengoa, 1,1 metro altukoa eta 40 zentimetroko ur jauzia duena. Partzialki eraitsiko dute hori, ur zikinak biltzeko hodia igarotzen delako presaren barrutik. Arrapala bat eraikiko dute kolektorea babesteko, 3,5 metro luzekoa eta %10,5eko maldaduna.
Bigarren presa txikia, metro bateko horma eta metro erdiko jauzia duena, ikastolaren kirol pistaren parean dago. Aresoko jolas parkeko oinezko zubitik 40 metro ibaian gora dago hirugarrena, eta handiena. 1,85 metroko altuera du hormak, eta metro bateko jauzia egiten du errekak.
Ibaian gora azkenekoa San Inazio etxe-multzoaren parean dago: metro bat, eta 60ko jauzia.
Domardakoa izan ezik, goragoko hiru presatxoak erabat eraitsiko dituzte. San Inaziokoa bi fasetan botako dute, eta bi estribuak edo ertzak mantenduko dituzte, harri lubetak babesteko.
Bi hilabeteko lanak
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Obra Hidraulikoetako Zuzendaritzak burutuko du koskak ezabatzeko lana. Bi hilabeteko iraupena izango dute obrek, ingurumen inpaktuaren txostenak zehazten duenez.
Proiektuaren kontsultari erantzunez Ura agentziak azaldu duenez, oztopoak kentzeak errekaren ekosistema hobetzen lagunduko du. Kontserbazio Bereziko Eremuak mantentzeko, gainera, egin beharrekoa jo du.