Hirugarren Berdintasun Planerako «herritarren parte hartzea» bultzatuko du udalak
Dagoeneko politikariekin bilerak egin dituztela jakinarazi du berdintasun arloko zinegotzia Ainhoa Jimenezek. Herritarrekin parte hartze prozesua nola egin hausnartzen ari da udala
Ordiziako Udalak III. Berdintasun Plana lantzeari ekin dio. Ainhoa Jimenez, Berdintasun, Hezkuntza eta Ongizate zinegotziak azaldu duenez, «honen aurretik ere izan ziren beste bi berdintasun plan, eta ekintza ugari antolatu ziren horien baitan». Hirugarren plana, «aurreko bietan egindako ekintzak baloratzeko eta zein puntutan gauden ikusteko baliatuko» dute, eta hori guztia eginda, «aurrerantzean abiaraziko ditugun ekintzak diseinatuko ditugu, helburua, gizonen eta emakumeen artean dauden desorekak gainditzea izango delarik».
Jimenezek argitu du, «prozesu parte hartzaile» baten bidez egituratuko dela plan berria eta «maila guztietan eragin» beharko dela. «Batetik, udaletxe barruan, maila politikoan». Aurreratu du, «maila horretan lanean hasiak» direla, «udaleko politikari guztiekin bilera egin eta azaldu zaie hirugarren Berdintasun Plana aurrera eramango» dutela.
Hurrengo pausoa, «berdintasun teknikariekin sakoneko elkarrizketak egitea da asmoa». Bilera horiek, «multzoka egingo dira, antzeko gaiak edo arloak lantzen dituztenekin, eta arlo bakoitzean zein ekintza egiten den, zein zailtasun aurkitzen dituzten eta zertan hobetu identifikatuko da».
Ondoren, «herritarrekin lanean hasiko» dira. «Parte hartze prozesuaren bidez, gai honen inguruan zein behar dagoen ikusi eta egoera identifikatzeko».
Egoera aldakorra
Momentuz, koronabirusaren osasun krisia dela eta, «herritarrekin bilerak nola planteatu» pentsatzen ari dira. Berdintasun arloko zinegotziak esan du, «teknikariekin biltzeko ez da arazorik egon, talde txikietan lan egin delako».
Herritarrekin biltzeko «zein fasetan gauden ikusi beharko da lehenik, egoera aldakorra baita, eta ondoren, bilerak nola egin baloratu beharko dugu, betiere, partaideen segurtasuna bermatzeko».