Aurretik txanda hartuta eta denbora mugarekin joan ahal izango da igerilekura
Koronabirusa dela eta, igerilekuak itxita daude oraindik. Jendea noiz irekiko zain dago eta Goierriko udalak lehenbailehen irekitzeko lanean ari dira. Lehenengoak datorren astean zabalduko dituzte.
Igerilekuak itxita daude oraindik eta jendea noiz irekiko zain dago. Udalak lehenbailehen irekitzeko lan egiten ari dira. Lehenengoak datorren astean irekiko dira.
BEASAIN
Antzizar kiroldegia, kanpoko igerileku eta guzti, astelehenean, ekainaren 15ean zabalduko dute. Txanda hartu behar da aurretik jende pilaketak egon ez daitezen. Kiroldegiko telefono zenbakia 943 88 79 00 da. Kiroldegia irekita dago, udako bonuak aktibatzeko (urriaren 15era artekoak). Uztailean hasiko dira kuotak kobratzen.
IDIAZABAL
Udala igerilekua nola ireki zehazten ari da. Skate parkeko zelaia hartuko dute, toki gehiago egon dadin eta igerilekura joaten direnek distantzia mantendu ahal dezaten.
LAZKAO
Kanpoko igerilekuak ekainaren 22an irekiko dituzte. Irailaren 6an bukatuko da ofizialki denboraldia, baina alda daiteke, beranduago irekiko direlako eta egiten duen eguraldiaren arabera. Astelehenean (hilaren 15ean), Barandiaran kiroldegiko igerileku estalia irekiko dute.
Neurri bereziak izango dira. Txanda hartu beharko da aurrez (online). Kanpoko igerilekuan egunean hiru txanda izango dira, bi ordu eta erdikoa bakoitza. Tarteetan ordu bete itxiko dute, garbitzeko. Txandak 11:00etatik 13:30era, 14:30etik 17:00etara eta 18:00etatik 20:30era izango dira.
Zelaian partzelak markatuko dituzte. Aforoa partzela kopuruaren arabera izango da. Familiako lau joaten badira, lau partzela hartuko dituzte. Uretan ere aforoa egongo da. Bainu denbora mugatua izango da, 20 bat minutukoa. Igerilekua jendez hustu, eta hurrengoak sartuko dira.
Igerilekuko zerbitzuak murriztuta egongo dira. Bertako hamakak ez dira erabilgarri egongo, norberak etxetik eraman beharko ditu. Aldagelak eta barruko dutxak itxita egongo dira. Komunak, irekita.
Abonu sistema beste urteetako berdina izango da: denboraldiko bazkidetza, urte osoko kiroldegiko bazkidetza, egun batzuetarako bonua, sarrera arrunta… Neurriak bi metroko tartea mantendu ahal izateko hartu dira. Jendeak distantzia mantentzen ez badu, udalak beste neurri batzuk hartu beharko ditu. Aldagelak eta dutxak ixtearen zergatiari dagokionez, horrek eskatzen duen garbiketari eta desinfekzioari aurre egiteko ahalegina eta kostua ez dira jasangarriak udalarentzat.
LEGAZPI
Legazpin ere gaia lantzen ari dira. Oraindik ez dute zehaztu igerilekuak noiz eta zein baldintzetan irekiko diren.
OLABERRIA
Udalak Ihurreko kanpoko igerilekuak irekitzeko asmoa du. Zerbitzua emateko azpikontratatuta daukan enpresarekin zehazten ari dira arauak, egutegiak eta baldintzak. Oraindik ez dute zehaztu noiz irekiko duten.
ORDIZIA
Majori kiroldegiko barruko igerilekua datorren astelehenean irekiko dute eta kanpoko igerilekua, berriz, hilaren 22an.
Instalazioen barruan mugitzeko, musukoa eramatea nahitaezkoa izango da. Tornuen aurrean gelaz desinfektatzeko puntua egongo da. Tornuak hitzordua dutenen sarbideak ahalbidetuko ditu bakarrik, erabilera ordutegia baino 10 minutu lehenago eta 10 minutu beranduago.
Jarraitu beharreko ibilbidea lurrean markatuta egongo da. Aurreko pertsonarekin bi metroko tartea utzi behar da eta pilaketak saihestu behar dira.
Erabiltzaile bakoitzak bere ur botila eraman behar du, instalazioko iturriak eta komunak itxita egongo baitira. Dutxak eta takilak ere itxita egongo dira.
Hitzorduei dagokienez, bazkideek zazpi eguneko aurrerapenarekin egin dezakete. Bazkideak ez direnek bezperan egin behar dute. Erreserbak telefonoz (943 80 58 80, asteazkenetik ostiralera) edo Majoriren app-a erabiliz egin behar dira. Erabiltzaile bakoitzak hiru saio erreserbatu ahalko ditu astero.
Barruko igerilekuan erabiltzaile bakoitzak kale bakarra erabili ahalko du. Bi bizikiderekin joan ahal izango da. Erabilpen denbora 30 minutukoa izango da. Igerileku txikian jolasa baimenduko da, betiere segurtasun neurriak errespetatuz.
Kanpoko igerilekuei dagokienez, putzua eremuka banatuko dute eta bakoitzean bizikideak bakarrik egon ahal izango dira. Bainu tarteak 15 minutukoak izango dira, orokorrean. Igerileku txikia ere eremuka banatuko da. Txirristak eta aldagela itxita egongo dira eta ezin izango da baloiekin jolastu.
Hitzorduak bi ordukoak izango dira: 11:00etatik 13:00etara, 13:30etik 15:30era , 16:00etatik 19:30era eta 20:00etatik 20:45era (azken hau, igeri egiteko). Eguzkia hartzeko terrazako ordutegia ere hori izango da. Bakoitzak bere hamaka eraman beharko du.
ORMAIZTEGI
Igerilekua ekainaren 26tik irailaren 6ra irekiko da, 11:00etatik 20:00etara. Abonuak tramitatzeko epea hilaren 16an itxiko da. Sarrerei dagokienez, kreditu txartelarekin ordaintzea aholkatzen da.
Eremua partzelatuta egongo da. Eguzkia hartzeko eremuan 250 lagunentzako aforoa izango da; igerileku barruan (uretan), berriz, 35 egon ahal izango dira gehienez. Seinaleak jarriko dira, gomendioen eta ibilbideen berri emateko. Aldagelak irekita egongo dira, baina dutxak itxita. Aldagela bakoitzean bainugela bat egongo da irekita. Aldageletan ezin izango da ezer utzi, ezin izango da baloiekin edo koltxonetekin jolastu eta ez da zakarrontzirik egongo.
SEGURA
Segurako Udalak igerilekua irekitzeko asmoa du, «uztailean segurasko», baina baldintzak zehazten ari da oraindik.
URRETXU
Igerilekua hilaren 29an irekiko da eta abuztuaren 30ean itxi (eguraldi ona egiten badu, astebete luzatuko da). Partzelak markatuko dira.
ZEGAMA
Zegamako Udalak igerilekua irekitzeko asmoa du, baina baldintzak ez ditu zehaztu oraindik. Uztailean edo abuztuan irekiko du.
ZUMARRAGA
Zumarragako Ispilla kiroldegiko igerileku estaliak osasun ikuskatzaileen bisita jasoko du bihar. Igerilekua irekitzeko baimena ematen badute, udalak astelehenean irekiko dute.