Legazpiko Lekanazpi elkarteak herriko kirolariak elkartuko ditu solasaldian
Irene Paredes futbolaria, Ane Encina eskubaloi jokalaria eta Mikel Mujika txirrindularia gonbidatu dituzte ekainaren 17an elkartean bertan egingo den ekitaldira.
Hiru kirolari legazpiar “soka motzean” lotuko ditu Lekanazpi elkarteak datorren asteazkenean, ekainak 17,19:00etan elkartean bertan egingo den solasaldirako. Irene Paredes, Ane Encina eta Mikel Mujika dira kirolariak, eta Aitor Alberdi izango da moderatzailea. Paredes Paris Saint Germain futbol taldeko jokalaria da, Encina Bizkaiko Zuazo eskubaloi taldeko jokalaria eta Mujika Caja Rural taldeko txirrindularia. Gidari lanetan arituko den Alberdi, berriz, Getxoko Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroko eta Basque Team Fundazioko kirol teknikaria da.
Solasaldian hainbat gai landuko dira kirolariekin. Besteak beste, euren hasierako urteetaz, kirol ibilbideaz eta koronabirusaren inguruan bizi izan dituztenaz hitz egingo dute.
Hitzaldirako plaza kopurua mugatua zen eta izena eman behar zen aurrez; plaza guztiak bete dira dagoeneko eta ez dago lekurik. Joango direnek maskara eraman beharko dute ezinbestez.