Artisten aterpea berriz ere zabalik
Aterpe tabernak 30 urte baino gehiago daramatza argazkien eta margolanen bildumak gordetzen. Romeroren 'Eutsi gogor!' argazki erakusketa dago ikusgai eta Arrieta marrazkilariak hartuko dio lekukoa.
Aterpe taberna berriz ere zabalik dago eta erakusketak itzuli dira bere hormetara. Joxemi Romeroren Eutsi gogor! argazki erakusketa dago ikusgai asteburuan. Hamasei argazkiz osatutako erakusta da eta, bereziki, emakumezkoen kirol jarduerak harrapatu ditu ordiziarrak.«Argazki bilduma honek edozein kirol praktika zimendatzen duten balioak islatu nahi ditu. Ahalegina, sakrifikazioa eta konstantzia dira benetako helmugara iristeko bide bakarra: norbere burua gainditzea».
Iosu Arrieta Ixkurre marrazkilariak hartuko du lekukoa jarraian, eta bere ilustrazioak hilabetean egongo dira ikusgai. Arrietak ilustrazio akrilikoak egiten ditu nagusiki, paisaia eta forma planoak lortzeko.
Txomin Ferreira aterpe tabernaren jabeak dio iraganeko erritmoa hartzen ari direla. «Gutxi gorabeherako egutegi bat antolatua genuen, baina itxialdiak aurreikuspen guztiak pikutara bidali dizkigu. Orain artista bakoitzari ongi datorkion data berrien bila gabiltza, egokitzen». Eutsi gogor! argazki erakusketa, esaterako, martxoan zen ikusgai egotekoa baina luzatzea erabaki dute, itxialdiak erdizka utzi zuelako.
Artisten artean, ezaguna
Ferreirak harro dio 30 urte baino gehiago daramatzala erakusketak bata bestearen atzetik antolatzen. «Koronabirusak eragindako etenaldian bakarrik gelditu gara».
Ferreirak onartzen du Aterpe tradizio handiko taberna izanik artistekin kontaktua egitea errazagoa dela. Batzuetan Ferreira joaten da artistengana eta, besteetan, beraiek jotzen dute Aterpeko atea. «Aurretik bertan erakutsi duten askok errepikatu egiten dute proeiktu berriren bat dutenean», azaldu du. «Ahoz ahokoak ere ongi funtzionatzen du».
Inguruko eta kanpoko artisten lanak egon dira ikusgai urte hauetan guztietan. Tartean, izen handiak ere erakutsi dituzte. «Zumetarena izan zen gurean jarritako lehen erakusketa».