Gorputza prest dute udarako
Udan izaten dute lanik gehien edergintza sektoreko enpresek. Alarma egoera ezarri eta bi hilabetez egon dira geldirik. Maiatzaren 4an itzuli ziren, neurriak hartuta. Lana baduten arren, ireki osteko eskaera baretu egin da.
Depilazioa, manikura, pedikura, masajeak, aurpegi tratamenduak, solariuma… hainbat zerbitzu eskaintzen ditu edergintzaren sektoreak. Bi hilabetez itxita egon eta gero, estetika zentroek maiatzaren 4an ireki zituzten ateak. Osasun larrialdiaren aurretik higiene eta desinfektazio lanak egiten bazituzten ere, koronabirusaren hedapenaren aurkako neurriek estetizisten lana moteldu dute.
Urretxuko Xarmanki Edergintzak maiatzaren 11n ireki zuen. Mostradorean babesteko kristala dute, eta sartzerakoan likido desinfektatzailea oinetarako. Gela bakoitzean ere, gel hidroalkolikoa sartu eta ateratzekoan erabiltzeko. Solariuma ere badute: «Orain solariumerako betaurrekoak saltzen ditugu bakoitzak berea eros dezan», azaldu du Beatriz Perez Xarmanki Edergintzako arduradunak. Bezeroak maskarila eraman behar du uneoro, eta langileak musukoa eta pantaila. Tratamendu batzuk egiteko, dena den, maskarila kendu behar du bezeroak: «Aurpegiko depilaziorako, adibidez, ezin dute maskarilarekin egon, ez da posible».
Erabili eta botatzeko materiala jarri dute alfonbren, eskuoihalen eta esku-oheetan erabilitakoen ordez. Garbiketa orokorra ere bi aldiz egiten dute: eguerdian eta gauean.
Udarako apaindu
Bi hilabetez itxita egon ondoren, «hala moduz» ekin diote lanari Xarmankin. Uda izan ohi da lan gehien izaten duten garaia: «Uda datorrela kontuan izanda, uste genuena baino lan gutxiago» dutela esan du Perezek. Gehitu du lehen ordubeteko lana zena orain ordu eta erdikoa dela: «Desinfektatu ahal izateko denbora gehiago behar dugu».
Idiazabalgo Une dendako Jaione Larrea arduradunak ere azaldu du lasaiago dabilela lanean orain, baina hasieran «eromena» izan zela: «Hasieran denek beharra zuten, baina eguraldi txarrarekin baretu egin da». Itxialdia hasi zenean, dena den, lan ugari galdu zituen Larreak: «Ezkontzak, jaunartzeak eta antzeko ekitaldiak ez dira egon eta hori niretzako lan asko da».
Materiala, garesti
Ainara Iribar Beasaingo No Mas Velloko arduradunak maiatzaren 6an ireki zuen, baimena eman eta bi egunera: «Prebentziorako pare bat gauza falta zitzaizkigun». Lehenengo bi asteetan bezero batzuek itxaroteko eta hitzordua atzeratzeko erabakia hartu zuten, baina Iribarrek azaldu du «gutxi batzuk» izan zirela eta orain lanez «lepo» dabiltzala. Urretxun eta Idiazabalen bezala, Beasainen ere pantaila eta maskarillak darabilte langileek. Bezeroentzako maskarillak ere badituzte, baten bat gabe joaten denerako.
Apirilean hasi zen Iribar irekierarako material guztia prestatzen: «Bizkor ibili nintzen materiala erosteko; banekien maiatzean ez zela ezer egongo».
Eta azti ibili zen. Maskara kirurjikoen prezioa nabarmen igo baita. Iribarrek azaldutakoaren arabera, alarma egoera ezarri baino lehen 50 maskarillako kaxak 2,90 euro balio zuen, eta orain, farmazian maskarilla bakoitzak 0,96 euroko prezioa du, hau da, 50eko kaxak ia 50 euro: «Prezioak igo egin dira, eta lehen ere sektorerako erabiltzen genuonok nabaritu dugu; ez da suministrorik egon eta arazoa hor dago», azpimarratu du.
Horrela, uda eta eguraldi ona etortzeko zain daude estetizistak. Izan ere, eguraldi txarrarekin bezeroak ez dira hainbeste animatzen gorputzeko edo aurpegiko tratamenduak egitera edo hankak edo besapeak depilatzera. Bi hilabeteko lana galduta, martxa hartu dute dagoeneko hilabete irekita daramatenean.
Halere, neurri guztiak betetzeko denbora gehiago behar dute, eta lehen ere higiene neurriak hartu eta desinfekzio lanak egiten zituzten arren, garbiketa sakonagoa egin behar dute koronabirusaren hedapena ekidite aldera. Materialak, gainera, erabili eta botatzekoa izan behar du, bezero bakoitza pasatzen denean aldatzeko.
Lana badute edergintzek, baina ireki zuteneko lan karga gutxi da kasu gehienetan.