«Irrikaz geunden festak ospatzeko baina egoera honetan ezin da»
Legazpiko Hegialde auzoko festak gaur arratsaldean hasi eta igandera arte ziren ospatzekoak. Sonia Manso antolakuntzan aritu da lanean eta 40. urteurrena nola zetorren eta zein asmo zituzten azaldu du.
Gaur arratsaldean, Hegialdeko jaien hasierako suziria bota eta igandera arte festa giroa izan beharko luke nagusi. Aurten, ordea, desberdina izango da, ezingo direlako bere hortan ospatu. Nola zaude oraintxe?
Ba pena handiarekin, aurten gainera, 40. urteurrena ospatzekoak ginen ,lan handia egin dugu eta egitarau berezia geneukan prestatuta. Duela 40 urte, Hegialdeko festak lehenengo aldiz egin zireneko Txaranga elkartzea lortu genuen, urteurrenaren aitzakian, eta kalejira egitekoak ziren. Gainera, duela 40 urte atera zituzten arropak ere berreskuratzeko asmoa zuten. Horrez gain, herriko aspaldiko taldeak elkartzea ere lortu genuen, Hartu Arte, Antisepsia… Urte pila bat jo gabe egon diren taldeak dira eta urteurrenagatik iragan asteburuan jotzekoak ziren. Jende asko zain zegoen, haiek berriro oholtza gainean ikusi eta entzuteko.
Eta aipatutakoaz gain, asteburu osorako egitarau bete-betea genuen prestatuta. Baina datorren urteko festetara itxaron beharko dugu, ez dago besterik.
Festak bertan behera gelditu badira ere, Hegialden data berezia dela gogorarazi nahi duzue.
Bai noski! Keinu txiki bat egin nahi diegu festei. Gaur arratsaldean, Hegialdeko ereserkia entzungo da auzoko kale guztietan. Bihar , 09:00etan, txistulariak aterako dira. Ondoren, musika bandako kideak eta gaiteroak kalejiran aterako dira eta musikarekin alaituko dituzte kaleak.
40. urteurrenagatik kamisetak atera dituzue.
Bai, eta sekulako arrakasta izan dute, sekula baino gehiago saldu dira. Bizkarrean, Hegialdeko ereserkiaren letra dute idatzita. Beste urte batzuetan 300 kamiseta inguru saldu izan ditugu. Aurten, gehiago salduko genituela aurrikusi genuen eta 400 inguru atera genituen. Gure sorpresa izan zen, 400ak saldu eta beste 100 gehiago egin behar izan genituela. Guztiak agortu dira, eta oraindik, jendea eskatzen ari da.
Kamisetaz gain, balkoi eta lehioak apaintzeko banderatxoak ere atera ditugu eta guztiak saldu dira.
Zein duzu festetako egunik berezi edo kuttunena?
Ostirala dudarik gabe. Festak hasten diren eguna da, hilabetetan antolakuntzan lanean aritu eta gero, gogo biziz egoten naiz lehen egun hori iritsi eta festa lehertzeko. Egun horretan, afari herrikoia egin ohi dugu; garai batean 600 bat lagun biltzera ere iritsi ginen. Gaur egun ere, oso jendetsua da, 400 bat pertsona elkartzen gara mahaiaren bueltan. Ederki pasatzen dugu, giro paregabea sortzen da. Faltan botako dut aurten.
Zenbat urte daramazu festen antolakuntzan?
14-15 urte nituenean, jaietako egitaraua banatzen nuen auzokoen artean. Hortan eta bestelako gauzetan laguntzen nuen. Ondoren, urte dexente egon nintzen antolakuntzan parte hartu gabe. Duela 3 urte, berriro sartu nintzen eta orain arte. Taldetxo bat gaude eta betikoa esango dudan arren, jende berria eta gaztea animatzea ondo legoke. Hegialde auzoko festak galtzerik ez dugu nahi, eta hori, guztion ardura da.
Jaien antolakuntzaren lekukoa pasatzeko gogoa bai, baina aurtengoa nola joan den ikusita, datorren urtean, arantza kendu beharko duzu, ala?
Egitaraua prest dut eta gogoz geratu naizenez, ziurrenik datorren urtean antolakuntzan parte hartu dut. 40. urteurrena ezingo dugunez aurten ospatu, datorren urtean egin beharko dugu.
Denbora gehiago izango duzue festak prestatzeko, aurten posible izan ez diren sorpresa gehiago ekarriko dituzue?
Datorren urtean ikusi beharko duzue hori.
Datorren urteko ekainera itxaron gabe, beste data batean ospatzea posible da?
Egia da iragan asteburuko kontzertuentzat, datorren urteko festetara itxaron gabe, beste data bat bilatzea posible izango ote zen planteatu genuela. Baina oraindik ez dago ezer segururik eta uste dut onena datorren urtera itxarotea dela. Egoera aldakorra da eta oraintxe ez dugu segurtasunik ezer ospatzeko. Beraz, onena, datorren urtera itxaron eta festak behar den moduan ospatzea izango da.
Antza denez, festetako kartela ikusteak herritar batzuk nahastu egin ditu eta argi utzi nahi duzue, Hegialdeko festak ospatu, ez direla ospatuko.
Irrikaz geunden festak ospatzeko baina egoera honetan ezin da. Horregatik, antolakuntzatik adierazi nahi duguna da, festak orain arte ezagutu ditugun moduan ospatzeko baldintzarik ez dagoela, eta horregatik, garbi utzi nahi dugu, festak ez direla ospatuko. Antolatu duguna, keinu txiki bat baino ez da, Hegialde auzokoentzat egun bereziak direla gogoratzeko. Beraz, garbi utzi nahi dugu, ez dela kalean ospakizunik egingo eta gainera ez dugula jendeak hori ulertzerik nahi. Orain, herritar guztien osasuna lehenesteko unea da eta norbanakoaren erantzukizuna zein den badakigu.
HEGIALDEKO FESTAK
-Egitarau alternatiboa-Ekainak 12, ostirala
· 18:00. Txupinazoa, musika-kamioi mugikorrak animatuta. Turuten doinuez lagunduta, auzoko ereserkia abesteko gonbitea.Ekainak 13, larunbata
· 09:00. Goiz Deia txistularien erronda
· 11:00. Doinua Musika Eskolako gaiteroen erronda
· 18:00. Musika-kamioaren kalejiraEkainak 14, igandea
· 11:00. Legazpi Musika Bandaren kalejira